Itxi

Athletic Club

Berdinketa, San Mamesen

Golik gabeko derbia jokatu dute Athleticek eta Alavesek

Joko gutxi erakutsi dute bi taldeek. Kepa atezainaren lesioa eta Camarasak zutoinera egindako errameta izan dira gertaera azpimarragarrienak.

  • Aduriz eta Toquero. Argazkia: Efe.

    Aduriz eta Toquero. Argazkia: Efe.

Athleticek eta Alavesek golik gabeko berdinketa lortu dute San Mamesen, derbi bizia baina aukera gutxikoa jokatu ostean. Bi taldeei nabaritu egin zaie aste barruan Kopa partidak jokatu dituztela.

Bi taldeek izan dituzte aukerak, baina, Camarasarena kenduta, ez oso argiak. Raul Garciak, Laportek Adurizek eta Deyversonek arriskua sortu dute, baina ez dute asmatu baloia Ortolá eta Iraizoz atezainek zaindutako ateetan sartzeko orduan. Iraizoz Keparen ordez atera da, atezain gaztearen lesioak behartuta.

Derbia erritmo gutxirekin hasi da, Alavesen mesederako. Hala ere, lehen aukerak etxekoek izan dituzte, baina Raul Garciak eta Laportek ez dute asmatu buruz egindako erremateetan.

Ordu erdia bete eta Kepa atezaina lesionatu egin da atetik egindako sake batean. Iraizoz atera eta gutxira iritsi da neurketa aukerarik argiena: Camarasak baloia jaurti eta baloiak zutoinean jo du.

Atsedenaldiaren ostean, arabarrak hobeto aritu dira,. Lehen aukera Camarasak izan du, Toquerok egindako pase baten ondorioz, baina Iraizozek baloia urruntzea lortu du.

Williams eta San Jose zelairatu ditu Valverdek, arrisku handia hartuta, oraindik 60. minutua bete barik aldaketa guztiak egin dituelako. Toquero eta Ibai zelaitik atera dira, San Mameseko ikusleen txaloen artean, eta Athleticek erasora jo du, etenik gabe.

Hala ere, azken minutuetan bi taldeak saiatu dira arriskua sortzen. Korner asko atera dituzte, baina ez dira gol bakar bat egiteko gai izan.

 

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Kepa (Iraizoz, 35. min); Elustondo, Etxeita, Laporte, Balenziaga; Beñat, Mikel Rico (San José, 57. min); Susaeta (Williams, 57. min), Raúl García, Muniain; eta Aduriz.

0 - Alaves: Ortolá; Kiko Femenía, Laguardia, Feddal, Raúl García; Marcos Llorente, Manu García; Toquero (Katai, 74. min), Camarasa (Dani Torres, 90. min), Ibai Gómez (Edgar Méndez, 75. min); eta Deyverson.