Itxi

Athletic Club

Gaur, 19:00etan

Athleticek Europan jarraitu nahi du

eitb.eus

UEFA Europa Ligako hurrengo kanporaketarako sailkatzeko joaneko 3-2ko emaitza defendatu beharko dute zuri-gorriek. Zaleen segurtasuna kezka-iturri bihurtu da.

0:57

Athletic Club APOEL Nikosia taldearen kontra arituko da gaur, 19:00etan, GSP Stadium futbol-zelaian. UEFA Europa Ligako final-hamaseirenetako bueltako partida giroa pil-pilean dagoela jokatuko da.

200 bat zale izango dira Nikosian talde zuri-gorriaren eta APOELen arteko partida bertatik bertara ikusten. Bilbon zale zuri-gorriekin eta Ertzaintzarekin izandako istiluak direla eta, 'ordaina hartzeko gogoz' daudela esan dute Zipreko taldearen zale ultrek, eta, horren aurrean, hainbat gomendio zabaldu ditu Nikosiako Poliziak zale zuri-gorrientzat.

Neurketari dagokionez, Ernesto Valverdek ezingo ditu Aymeric Laporte eta Aritz Aduriz zelairatu, min hartuta baitaude. Athleticek joaneko partidan lortu zuen 3-2ko emaitza defendatu beharko du, baina etxetik kanpo emaitza txarrak lortzen ari da denboraldi honetan. Europa Ligako multzoko fasean, etxetik kanpo, bi porrot (Sassuolo, 3-0, eta Genk, 2-0) eta berdinketa bat erdietsi zituen, baina garaipenik ez.

Guztira 16 partida jokatu ditu Athleticek San Mamesetik urrun aurten, eta 10 galdu ditu. Azken garaipena azaroaren 21ean lortu zuen, Granadan.

Ustezko hamaikakoak

APOEL Nikosia: Waterman; Milanov, Merkis, Yambere, Ioannou; Giannotas, Vinicius, Nuno Morais, Efrem; Bertoglio; eta Sotiriou.

Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Boveda, Yeray, Balenziaga; San Jose, Beñat; Raul Garcia, Muniain, Lekue; eta Williams.

Epailea: Vladislav Bezborodov (Errusia).
Futbol-zelaia: GSP Stadium.
Ordua: 19:00.