Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athletic azken kanporaketara sailkatu da Dinamo Bukaresti aise irabazita

A.B.

Zuri-gorriek 3-0 irabazi diote Errumaniako taldeari itzuliko partida. Raul Garciak bi gol egin ditu, eta Adurizek sartu du bestea. Joanekoan, bana bukatu zuten.

  • Athletic Club. Argazkia: EFE

    Athleticeko jokalariak Raul Garciak sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek Europa Ligako atariko azken kanporaketa jokatzeko txartela eskuratu du ostegun honetan San Mamesen. 3-0eko emaitzarekin irabazi dio Dinamo Bukaresti Europa Ligako Q3 kanporaketako itzuliko partida, eta joanekoan 1-1 berdindu zutenez, zuri-gorriek egin dute aurrera.

Norgehiagoka irekia izan da lehen minutuetan, eta bi taldeak saiatu dira aurkariaren ate ingurura gerturatzen. Partidako lehen abagune argian, 11. minutuan, Adurizek ate barrura bidali du errematea, baina epaileak baliorik gabe utzi du gola, aurrelaria jokoz kanpo zegoelako. Bi minutu geroago etorri da Dinamo Bukaresten erantzuna, Rivaldinhoren erremate batekin, baina Iago Herrerin atezainak erantzun ona eman dio. Minutuek aurrera egin ahala, Athletic nagusitzen hasi da, eta Raul Garciak 21. minutuan abagune argia izan ostean, Raul Garciak berak 1-0ekoa sartu du, 22. minutuan. Beñatek kornerra atera du, De Marcosek boleaz jo, eta Raul Garciak sare barrura bultzatu du baloia. Gola sartuta, Bizkaiko taldearen nagusitasuna askoz nabarmenagoa izan da, eta 29. minutuan etorri da Athleticen bigarren gola; Beñatek erdiraketa bikaina egin, eta Raul Garciak 2-0ekoa sartu du boleaz. Atsedenaldira iritsi baino lehen, beste gol bat sartzeko abagunea ere izan du Athleticek; Adurizen jaurtiketa, baina, kanpora joan da, gutxigatik.

Bigarren zatian, Athleticek kontrolpean izan du partida. Dinamo Bukarest ezinean ibili da, eta zuri-gorriek hirugarren gola sartzeko abagune ugari izan dituzte. Argiena, Muniainek 64. minutuan izan duena, baina horren jaurtiketak zutoina jo du. Iago Herrerinek pare bat geldiketa egin behar izan du, baina atezainak ondo erantzun die Dinamo Bukarestek izan dituen abagune urriei. Neurketako 85. minutuan, Adurizek 3-0ekoa sartu du, eta zuri-gorrien festa biribildu du.

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic Club: Iago Herrerin; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; Beñat (Williams, 79. min), Vesga; Susaeta, Raul Garcia (San Jose, 70. min), Muniain; eta Aduriz (Aketxe, 88. min).

0 - Dinamo Bukarest: Penedo; Romera, Nedelcearu, Katsikas, Filip; Hanca (Costache, 55. min), Mahlangu, Nascimento (Paul Antón, 72. min), Salomao; Nemec (Juan Albin, 66. min) eta Rivaldinho.

Golak: 1-0, 24: Raul Garcia. 2-0, 29. min: Raul Garcia. 3-0, 86. min: Aduriz,

Epailea: Pavle Radovanovic (Montenegro).

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic