Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athleticek sailkapena bideratu nahi du Zoryaren aurrean

Erredakzioa

Ukrainako taldea menderatzea ia ezinbestekoa da bilbotarrentzat, Ostersunds talde suediarrak 0-2 irabazi baitzuen lehen jardunaldian Ukrainan.

1:34

Athleticek Zorya Luhansk talde ukraniarra hartuko du ostegun honetan San Mamesen, Europa Ligako final hamaseigarrenetara igarotzeko txartela lortzeko bidea egin asmoz, baita moralari hauspoa emateko asmoz ere, ligan jasotako azken kolpeen ostean.

Izan ere, zuri-gorriek sei egunen buruan izandako hiru partiduetan puntu bakarra eskuratu zuten. Las Palmasen aurka azken orduan galdu zuten; Atleticok merezimenduz irabazi zien 'Katedral'ean eta Malagatik puntu bakarrarekin itzuli ziren, bi goleko errenta era tamalgarrian xahutu eta gero.

Horrez gain, Ukrainako taldea menderatzea ia ezinbestekoa da bilbotarrentzat, Ostersunds talde suediarrak 0-2 irabazi baitzuen lehen jardunaldian Ukrainan eta kanporaketaz pasatzeko hautagai bihurtu da Athletic eta Berlingo Hertharekin batera, zeintzuek hutsean berdindu zuten Alemaniako hiriburuan lehendabiziko norgehiagokan.

Ez dago batere argi zein izango den Zigandak bihar aterako duen hamaikakoa, aldaketa asko egiten ari baita.

Entrenatzaile nafarrak aste barruan landu duen hamaikakoak aldaketa ugari izango lituzke defentsan (Boveda, Etxeita eta Saborit) eta ez litzateke bertan egongo partida anitz pilatzen ari den Iker Munian.

Baina berritasun nagusia Beñat Etxebarriak hasieratik aritzea litzateke. Azken denboraldietan berebiziko garrantzia izan duen Igorreko jokalariak hasierako hamaikakotik kanpo egon da azken lau jardunaldietan.

Bere aldetik, ustez J Multzoko aurkari samurrena den Zoryak ezer galtzekorik gabe eta irabazteko askorekin bisitatuko du Bilbo.

Azken hiru denboraldietan gorengo postuetan izan da bere herrialdeko txapelketan, baina aurten ez da ondoegi ari, eta dagoeneko lau porrot izan ditu hamar partidatan. Gainerakoetan, lau berdinketa eta bi garaipen pilatu ditu. Emaitza horien eraginez, zazpigarren daude 12 talderen artean.

Euren jokalari nagusienetakoa 18 urte besterik ez dituen Lunin atezaina da, Andréi Shevchenko hautatzaileak Mundialera sailkatzeko Kosovoren eta Kroaziaren aurkako partidetan jokatzeko deitu duena.

Zoryak 20 jokalarirekin bidaiatu du Bilbora, eta baja ditu Zeljko Ljubenovic erdilari serbiarra, Iuri aurrelari brasildarra eta Basil Priyma defentsa.

Balizko hamaikakoak:

Athletic: Iago Herrerin; Boveda, Etxeita, Laporte, Saborit; San Jose, Beñat; Williams, Raul Garcia, Cordoba; eta Aduriz.

Zorya: Lunin; Checher, Svatok, Opanasenko, Gordienko, Sujotski; Karavaev, Grechishkin, Jaratin, Gromov; eta Lunev.

Epailea: Halis Ozkahhya (Turkia).

Zelaia: San Mamés.

Ordua: 19:00.