Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Porrot lotsagarria hartu du Athleticek San Mamesen (0-1)

L.E. | eitb.eus

Zuri-gorriak galtzaile atera dira, partida oso eskasa egin ostean. Erreakzionatzeko gaitasun falta larria erakutsi dute Zigandaren jokalariek.

1:47

Athleticek 0 eta 1 galdu du San Mamesen Zorya Luhansk taldearen aurka, Europa Ligako multzoen faseko bigarren jardunaldian. Neurketa txarra jokatu dute bilbotarrek eta Kharatinek lehen zatian egindako golaren ondorioz galdu dute.

Lehoiek ondo hasi dute partida, erasora jokatuz, eta lehen minutuan Muniainek sekulako aukera izan du, baina bere jaurtiketa langara joan da. Nafarrak beste aukera bat izan du minutu batzuk geroago, Williamsek egindako erdiraketa batean, baina errematatzerakoan ez da batera fin ibili.

Bilbotarrak gehiago izan dira lehen zatian, eta nahiko erraz iritsi dira ukrainarren ate ingurura. Etxeitak ere gola egiteko aukera izan du, baina burukada kanpora joan zaio, desbideratuta.

Athleticen nagusitasuna Zoryaren golarekin amaitu da. Bilbotarrek huts egin dute defentsan ukrainarrek ateratako korner batean eta Kharatinek bakar-bakarrik errematatu du baloia area erdian, neurketa lehen gola egiteko.

Gola kolpe handia izan da Zigandaren jokalarientzat. Taldea blokeatu egin da, eta ez du erreakzionatzeko gaitasunik izan. Zaleen artean ere urduritasuna izan da nagusi, eta txistu batzuk ere entzuk dira San Mamesen, zuri-gorrien joko nahasiaren ondorioz.

Erreakzionatzeko gaitasunik ez

Bigarren zatia lehenengoaren oso antzekoa izan da. Bilbotarrak erasora atera dira lehen minutuetan eta Adurizek eta Raul Garciak banakoa egiteko aukerak izan dituzte.

Aurkaria estutzen saiatu dira, baina ideiarik gabe. Raul Garciak izan du azken aukera argia, azken minutuan, baina errematea kanpora joan zaio. Gauzak horrela, markagailua ez da mugitu eta garaipena ukrainarrek eraman dute, beste munduko ahaleginik egin gabe.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Iago Herrerin; Boveda, Etxeita (Iturraspe, 56. m), Laporte, Saborit (Cordoba, 64. m); San Jose, Beñat (Aketxe, 77. m); Williams, Raul Garcia, Muniain; eta Aduriz.

1 - Zorya: Lunin; Opanasenko, Svatok, Grechyshkin, Sukhotskiy; Kharatin; Karavaev, Silas (Gordiyenko, 52. m), Andriyevskiy, Lunov (Checher, 83. m); eta Gromov (Kochergin, 64. m).

Gola: 0-1, 26. m: Kharatin.

Epailea: Halis Ozkahhya (Turkia). Honako jokalari hauei atera die txartel horia: Opanasenko (58. m), Gordiyenko (68. m), Andriyevskiy (81. m) eta Kochergin (91. m).

rgin (91. m).