Itxi

Athletic Club

1-1

Athleticek puntu bat lortu du Vila-realen aurka

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak eta horiak bana berdindu dute San Mamesen. Kepak penalti bat gelditu du, Triguerosek aurretik jarri du talde bisitaria eta Adurizek jarri du berdinketa markagailuan azken txanpan.

  • Aritz Aduriz. Argazkia: EFE

    Aduriz, Vila-reali sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek eta Vila-realek bana bukatu dute San Mamesen, eta etxekoek puntu bat eskuratu dute azken minutuetan. Ondorioz, talde zuri-gorriak 12 puntu ditu orain, eta sailkapeneko 15. postuan jarraitzen du, jaitsiera postuetatik bost puntura.

Talde zuri-gorriak gogotsu eta bizi ekin dio neurketari. Adurizen pare bat errematerekin eman ditu Athleticek lehen abisuak, baina ez du aurkariaren ate aurrean asmatzea lortu. Vila-realek sortu duen erasoko lehen jokaldian, Jaume Costak barnekaldia egin du hegaletik, area barruan sartu da, eta Iturraspek penalti argia egin dio. Triguerosek jaurti du penaltia, eta Kepa atezainak gelditu egin du. Triguerosek berak, ordea, ez du barkatu hurrengo abagunea, eta 0-1ekoa sartu du, 27. minutuan. Golak min egin dio Athletici, eta Vila-realek gertu izan du bigarren gola, baina Kepak eragotzi egin du, Bakamburen txilenazko errematea desbideratuta.

Bigarren zatiaren hasieran ere, erasokor zelairatu da Athletic. Raul Garciak gutxigatik kanpora bidali du errematea lehen minutuetan, eta Cordobaren jaurtiketak langa jo eta kanpora joan da. Ondoren, Vila-real egin da baloiaren jabe, eta Sorianok abagune argia izan du; Vila-realeko jokalariak, ordea, ez du asmatu errematearekin. Raul Garciak, Susaetak eta Nuñezek abagune bana izan dute, baina ezin Barbosa atezainaren atea zulatu. Ekinean jarraitu du Zigandak zuzentzen duen taldeak, eta saria jaso du 76. minutuan; Balenziagak baloia erdiratu du, eta Adurizek ate barrura bidali du, buruz, erremate bikaina eginda. Gola sartu ostean, garaipenaren bila jo du Athleticek, baina Adurizen txilena kanpora joan da gutxigatik. Azken minutuetan, bi taldeek abagune bana izan dute. Cheryshev bakarrik geratu da Kepa atezainaren aurrean, eta kanpora bidali du jaurtiketa. Jarraian, Aketxek area kanpotik egindako jaurtiketa kanpora joan da, oso gutxigatik.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Kepa; Lekue, Unai Núñez, Laporte, Balenziaga; Williams, Iturraspe, San José (Mikel Rico, 54. min), Córdoba (Susaeta, 54. min); Raúl García (Aketxe, 71. min) eta Aduriz.

1 - Vila-real: Barbosa; Mario, Bonera, Víctor Ruiz, Jaume Costa; Rodri, Trigueros, Soriano (Cheryshev, 75. min), Fornals; Bakambu (Raba, 85. min) eta Bacca (Sansone, 70. min).

Golak: 0-1, 28. min: Trigueros. 1-1, 76. min: Aduriz.

Epailea: Medié Jiménez.