Itxi

Athletic Club

Osteguna, 21:05

Final-hamaseirenetarako txartela jokoan du Athleticek Ukrainan

Agentziak | Erredakzioa

Berdinketa nahikoa izango dute hurrengo fasera sailkatzeko. Gainera, irabazten badute eta Ostersundek ez badu gauza bera egiten, taldeko lehenengo postuan bukatuko dute.

  • Joaneko partidaren irudi bat, San Mamesen / EFE.

    Joaneko partidaren irudi bat, San Mamesen / EFE.

Athleticek Zorya Luhansken aurka jokatuko du, Ukrainan, Europa Ligako multzoen fasearen azken jardunaldian, ostegunean 21:05ean. Berdinketa nahikoa izango zaio final-hamaseirenetarako txartela lortzeko.

Lehenengo postua ere aukeran daukate zurigorriek, gailentzen badira eta Ostersundek Herthari ez badio irabazten. Suediarrak sailkatuta daude jadanik, eta alemaniarrek ez dute aukerarik.

Lviven izango da neurketa, Lugansketik 1.365 kilometrora, Ukrainiako gatazkaren eraginez.

Jose Angel Zigandaren taldea ez dago momentu onean. Batez ere, Formenteraren aurkako kanporaketa eta gero. Baina azken neurketan, ordea, indarra eman zien Real Madrilen kontrako berdinketak.

Europa Ligako bidea berdinketarekin hasi zuen Athleticek. Lehenengo porrota, hain zuzen, Zoryaren kontra izan zuen. Hobeto aritu ziren, baina 0-1 galdu zuten etxean. Gero, Ostersunden aurka berdinketa eskuratu zuten partida ilun batean. Ondorengo bi garaipenek egoera onean utzi dute Athletic azken jardunaldian.

Kuko, ziur aski, hamaikakoa errepikatuko du. Aymeric Laporte osatuta dago, eta De Marcos ere deialdian sartu da.

Ander Iturraspe baja da. Yeray Alvarez, Iker Muniain eta Beñat Etxeberriak osatutako lesionatuen zerrendara batu da.

Zoryak garaipena behar du sailkatzeko, lehenengo aldiz bere historian. Hala ere, ez ditu partida onak egiten etxean Europako txapelketan.

Ligako azken norgehiagokan, Yuriy Vernydubek entrenatutako taldeak berdinketa eskuratu zuen Chernomorets Odessaren kontra.

Evgeny Opanasenko, Vasily Priyma eta Andrei Pilyavsky atzelarien bajak izango ditu, lesionatuta daudelako, eta Vladislav Kalitvintsev erdilariak ere ez du jokatuko.

USTEZKO HAMAIKAKOAK

Athletic: Iago Herrerin; De Marcos, Unai Núñez, Laporte, Balenziaga; Williams, San Jose, Mikel Rico, Susaeta; Raul Garcia eta Aduriz.

Zorya Luhansk: Lunin; Kabaev, Sukhotsky, Gordienko, Grechynskin; Svatok, Gromov, Babenko, Kharatin; Karavaev eta Lunyov.