Itxi

Athletic Club

Igandea, 18:30ean

Athleticek eta Alavesek garaipena dute helburu San Mameseko derbian

Erredakzioa

Igandean neurtuko dituzte indarrak, 18:30ean. Bi taldeak sasoi onean iristen dira euskal derbira. Zigandak Yeray Alvarez sartu du 20 jokalarik osatzen duten deialdian.

  • San Mames. Argazkia: EFE

    San Mames. Argazkia: EFE

Athleticek eta Alavesek euskal derbia jokatuko dute igande honetan, 18:30ean, San Mamesen. Bi taldeek hasiera kaskarra eman zioten denboraldiari, baina orain arteko sasoi onenean iristen dira neurketa honetara.

Zuri-gorriek garaipena lortu zuten Betisen aurka aurreko jardunaldian eta jaitsiera postuetatik aldentzea lortu zuten; sei puntu gainetik dago Athletic. Zigandak zuzentzen duen taldeak sei partida jarraian daramatza porrotik jaso gabe, azken sei partidetan lau berdinketa eta bi garaipen eskuratuta. Iker Muniainen bajaz gain, Kepa Arrizabalagaren eta Mikel Balenziagaren bajak izango ditu, baita zigortuta dagoen Unai Nuñezena ere. Herrerinek beteko du Keparen hutsunea, Saboritek jokatuko du Balenziagaren ordez eta Etxeitak hasieratik jokatuko du Nuñezen postua hartuta. Zelai erdian, Beñat edo Iturraspe izan ditzake lagun Mikel Ricok. Yeray Alvarez da berritasun nagusia 20 jokalarik osatzen duten deialdian.

Alavesek Ligan jokatu dituen azken lau partidetatik hiru irabazi ditu, eta asteazkenean Kopan Formenteraren aurka jokatu zuen neurketa ere irabazi egin zuen. Arabako taldea jaitsiera postuetatik at dago, baina jaitsieran dagoen Deportivorekin (15 puntu) berdinduta. Hori dela eta, hiru puntuak nahi dituzte babazorroek, 21 puntu dituen Athleticengandik hiru puntura geratzeko. Abelardo entrenatzaileak deialditik at utzi ditu, Laguardia, Vigaray, Christian Santon, Katai, Hector, Dieguez, Einar, Victor L. eta Demirovic.

Ustezko hamaikakoak:

Athletic: Iago Herrerin; Lekue, Etxeita, Laporte, Saborit; De Marcos, Iturraspe, Mikel Rico, Susaeta; Raul Garcia eta Aduriz.

Alaves: Pacheco; Martin, Alexis, Maripan edo Ely, Duarte; Manu Garcia, Pina; Ibai, Burgui, Pedraza; eta Munir.

Epailea: Gonzalez Fuertes.

Zelaia: San Mames.

Ordua: 18:30ean.