Itxi

Athletic Club

2025era arte berritu du

Kepa: 'Eskaintzak izan ditut, baina onena Athleticekin geratzea zela pentsatu dut'

Erredakzioa

Kepa Arrizabalagak kontratua berritu du Athleticekin 2025eko ekainaren 30era arte. Kontratu berria sinatu ostean, pozik azaldu da atezain bizkaitarra.

  • Urrutia eta Kepa Arrizabalaga. Argazkia: EFE

    Josu Urrutia eta Kepa Arrizabalaga, atezainaren kontratua berritu ostean. Argazkia: EFE

Kepa Arrizabalagak kontratua berritu du Athleticekin astelehen honetan, 2025. urteko ekainaren 30era arte. Atezain bizkaitarra pozik azaldu da kontratua berritu ostean eta talde garrantzitsuen eskaintzak izan dituela onartu du.

"Kontratua aurten amaitzen zitzaidanez, urtarrilaren 1etik aurrera libre geratzen nintzen negoziatzeko. Eskaintzak izan ditut, baina niretzat onena Athleticen geratzea zela pentsatu dut, eta bertan urte asko egotea. Oso pozik nago kontratua berritu dudalako", adierazi du Kepak kontratu-berritzea sinatu ostean.

Athleticekin eraman duen negoziazioaren gainean ere hitz egin du Ondarroako atezainak: "Negoziazioa luzea izan da, ia urte bete t'erdikoa, baina gauzak ondo pentsatzea gustatzen zait erabaki garrantzitsu bat hartu aurretik. Nigandik gertu egon direnak eta daudenak, badakite nolakoa naizen. Nire denbora hartu dut, eta Athletici eskerrak eman nahi dizkiot errespetatu egin nauelako denbora honetan guztian".

"Txikitatik izan naiz Athleticeko zalea eta beti nire taldea izango da. Oso pozik nago nire etxean jarraitu ahal dudalako. Athleticeko atezaina izatea gauza handia da, eta ohore bat ere bada. Bederatzi urterekin iritsi nintzen Athleticera eta nire kirol-ibilbideko une garrantzitsu batean nagoela uiste dut. Pozarren nago hemen geratzen naizelako negoziazio-prozesu luze baten ostean", azpimarratu du Arrizabalagak.

Kontratu berriarekin, Kepa Arrizabalagak 80 milioi euroko etete-klausula izango du, aurtengo neguko merkatuan bere etete-klausula 20 milioi eurokoa zelarik. Azken asteetan lesionatuta egon da Kepa eta lesioaz ere hitz egin du: "Lesioa uste baino konplexuagoa izan da, eta bere denbora eraman du sendatze-prozesuak. Azken egunetan hobekuntza igarri dut, eta jokatzen hastetik gertuago nago. Hala ere, poliki joan behar dut, nola aurkitzen naizen ikusi eta ea ahalik azkarren itzul naitekeen, irrikitan bainago talde-dinamikara bueltatzeko".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic