Itxi

Athletic Club

Gaur, 21:00etan

Athletic bere zaleekin adiskidetu nahi da Las Palmasi irabazita

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Litekeena da Oscar de Marcos hasierako hamaikakora itzultzea, azken hilabetean min hartuta ibili eta gero.

  • Athleticek 1-0 galdu zuen Las Palmasen kontra, lehen itzulian. Argazkia: EFE

    Athleticek 1-0 galdu zuen Las Palmasen kontra, lehen itzulian. Argazkia: EFE

Athleticeko jokalariak euren zaleekin adiskidetu nahi dira gaur San Mamesen (21:00), Las Palmasen aurkako partidan, Eibarren eta Gironaren aurka jokatutako azken bi norgehiagoketan nahigabe bana jaso ondoren. Kanaria Handiko taldea, berriz, indarberrituta helduko da Bilbora, astelehenean Malagaren kontrako lehia azken hatsean irabazi eta gero. Garaipen horrek salbazioko postuak hiru puntura hurbildu zizkien horiei.

Bilbotarrak bere bertsiorik onena plazaratzen saiatuko dira, aurreko jardunaldietako irudi negargarria albo batera utzita, eta, aldi berean, jaitsiera postuen mamuak hamar puntuko distantziara egoten jarrai dezala.

Helburu horretarako, 'Kuko' Ziganda zuri-gorrien entrenatzaileak bilbotarren jokoari bizitasun berezia ematen dion Oscar de Marcos jokatzeko moduan izango du. Azken hilabetean zelaietatik at egon da giharretako lesio bategatik, eta haren hutsunea nabarmen igarri du taldearen jokoak.

Etxekoen hamaikako beste zalantzak atean, ezker hegalean eta zelai erdian daude. Hartara, bere lesiotik sendatuta dagoen Kepa Arrizabalaga aulkitxoan egon zen Gironaren aurkakoan, baina Ligan titular izateko aukerak berreskura ditzake, nahiz eta Iago Herrerinen lana ona izaten ari den.

Ezker hegalerako zalantzak handiagoak dira, beste astebetez Mikel Balenziaga ez baita egongo jokatzeko moduan. Dena den, Zigandak deialditik kanpo utzi du Montilivin titular gisa jardun zuen Andoni Lopez gaztea, eta, horrenbestez, litekeena da Saborit hasieratik zelairatzea postu horretan.

Zelai-erdiari dagokionez, Beñat Etxebarria hasierako hamaikakoan izatea espero da, duela hiru hil pubiseko ebakuntza egin eta zenbait jardunaldiz hasierako taldetik geratu ondoren, Gironan titular gisa jardun baitzuen. Berarekin batera nor arituko den da argitu gabe dagoena: Ander Iturraspe edota Mikel Rico.

Erasoko jokoari begira, segurua da Adurizen buelta, eta ia segurua Markel Susaetarena.

Las Palmas, bere aldetik, indarberriturik helduko da San Mamesera; izan ere, astelehenean Malaga menderatu zuen azken unean Haslilovicek sartutako gol bakarti bati esker. Garaipen horrek mailari eusteko itxaropenak bizirik iraun dezatela eragin du, salbaziotik hiru puntura kokatuta baitira.

Alabaina, andaluziarren arkako neurketa hori jokatzetik hain denbora gutxi igaro izana (hiru lan-saio besterik ezin izan dituzte egin) eragozpen handia izan daiteke kanariarrentzat.

Horregatik, Paco Jemez Las Palmas taldeko entrenatzaileak erabaki egin beharko du ea aurreko jardunaldiko hamaikako bera errepikatzen duen edota beste jokalari batzuk erabiltzen dituen taldea oxigenatzeko.

Balizko hamaikakoak:

Athletic: Iago Herrerin; De Marcos, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Andoni Lopez; Williams, Beñat, Mikel Rico, Susaeta; Raul Garcia eta Aduriz.

Las Palmas: Chichizola; Michel Macedo, Galvez, Ximo Navarro o Bigas, Aguirregaray; Peñalba; Hernan Toledo, Etebo, Jonathan Viera, Nacho Gil; eta Calleri.

Epailea: Estrada Fernandez

Zelaia: San Mames.

Ordua: 21:00.