Itxi

Athletic Club

San Mames, 21:05

Athleticek ez du ezustekorik nahi Spartaken aurrean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriek joaneko norgehiagokan lortutako 1-3ko emaitza daukate alde, baina Adurizen baja ia segurua izango dute errusiarrei aurre egiteko.

  • Raul Garcia Athleticek Moskun sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

    Raul Garcia Athleticek Moskun sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek Spartak Mosku izango du aurkari gaur (21:05), San Mamesen, Europa Ligako final-hamaseirenetako itzuliko partidan. Joanekoan eskuratutako aldeko emaitzarekin (1-3) zelairatutako dira bilbotarrak, baina mesfidati, Moskukoa talde ona baita, eta Errusiatik etorritako jarraitzaile ugariren laguntzarekin zuri-gorriek bizi duten bolada eskasari etekina ateratzen saiatuko dira.

Urtarrilaren 7tik Ligan lehiarik irabazi ezinik dabilen Athleticek (orduko hartan 2-0 irabazi zion etxean Alavesi) denboraldiko ibilbide zalantzatia zuzentzeko aukera gisa ikusten du Europa Liga. Moskun bilbotarren alderdirik atseginena azalarazi zen, Europako gau handiak oroimenera ekarri zituena, zale zuri-gorriek aurten oraindik ikusi gabe zutena, hain zuzen ere.

Dagoeneko sei jardunaldi dira jarraian garaipenik lortu gabe Ligan, baina 1-3koak animoz bete zituen 'Kuko' Zigandaren mutilak, eta, orain, eskura dute kanporaketa euren alde erabakitzea eta ostiralean egingo den final-zortzirenetako zozketan egotea.

Alabaina, horretarako ezustekoa emateko gertu etorri den Spartaki aurre egin beharko diote.

Itxura guztien arabera, joaneko norgehiagokan bi gol sartu zituen Aritz Aduriz ez da jokatzeko gertu egongo, nahiz eta Zigandak deialdian sartu duen. Bilbotarren entrenatzaileak 20 jokalariko deialdia eman du, hots, printzipioz, jokatzeko moduan dauden jokalari guztiak.

Zuri-gorriei beste gol bat gehiago sartzea falta izan zitzaien kanporaketa behin betiko erabakita uzteko; ordea, Sabin Merinok ez zuen 1-4koa sartu luzapenean, Rebrov atezainarekin aurrez aurre geratu zenean, baina ez zuen asmatu. Huts egite horrek eta Luiz Adrianok etxekoen alde egindako golak ikusmin apur bat jarri dio kanporaketari.

Balizko hamaikakoak:

Athletic Club: Iago Herrerín; De Marcos, Yeray, Etxeita, Lekue; Merino, Iturraspe, Mikel Rico, Susaeta; Raúl García eta Williams.

Spartak Mosku: Rebrov o Sélikhov; Kombárov, Tasci, Kutépov o Bodchetti, Yéschenko; Fernando, Zobnin, Glushakov, Hanni edo Samédov; Promes eta Luiz Adriano.

Epailea: Tobias Stieler (Alemania).

Zelaia: San Mamés.

Ordua: 21:05.