Itxi

Athletic Club

Lanera buelta

Balenziaga Celtaren aurkako partidan berragertu daiteke

Erredakzioa

Mikel Balenziagak hasieratik jokatzeko aukera asko ditu larunbatean Athleticek San Mamesen jokatuko duen partidan. Astelehen honetan, ustezko titularren multzoarekin egin du lan-saioa.

  • Mikel Balenziaga. Argazkia: EiTB

    Mikel Balenziaga. Argazkia: EiTB

Mikel Balenziagak aukera asko ditu Athleticek Celtaren aurka larunbatean jokatuko duen partidan berragertzeko. Zuri-gorriak astelehen honetan itzuli dira lanera, hiru egunez atseden hartu ostean.

Balenziagak ia hiru hilabete eman zituen bajan eta Olympique Marseillaren aurkako joaneko partidan berragertu zen. Frantzian jokatu ostean, lesionatu egin zen, eta ez du berriro jokatu. Astelehen honetan, ustezko titularren taldearekin jokatu du partidatxoa. Taldetxo horretan ez da Aritz Aduriz egon, baina ematen du hasieratik jokatuko duela Celtaren aurka. Unai Nuñez, aldiz, egon da, Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin jokatu ostean itzuli baita. Nuñez zigortuta dago, eta ezingo du hurrengo partida jokatu selekzioarekin. Bestalde, Cordobak eta Unai Simonek 21 urtez azpiko selekzioarekin jarraitzen dute.

Bederatzi jokalariz osatutako bi talde prestatu ditu Zigandak. Ustezko titularren taldean, jokalari hauek egon dira: Herrerin, Iñigo Martinez, Nuñez, Balenziaga, De Marcos, Mikel San Jose, Beñat, Williams, Susaeta eta Raul Garcia. Kepa Arrizabalaga atezaina ez da entrenamenduan egon Espainiako selekzioarekin baitago.

Taldetxo horretan ez da egon Iker Muniain. Nafarroako jokalariak bere lesioaren sendatze-prozesuarekin jarraitzen du, eta gero eta hobeto dago. Min hartuta dauden Mikel Rico eta Yera Alvarez korrika ibili dira Lezaman. Bilbao Athleticeko Hodei Olega atezaina eta Jon Rojo ezker hegaleko defentsa entrenatu dira lehen taldearekin.

Athleticek asteko bigarren entrenamendua egingo du astearte honetan. Asteazkeneko, osteguneko eta ostiraleko lan-saioak ateak itxita egingo ditu talde zuri-gorriak. Celtaren aurkako partida larunbatean jokatuko da, 16:15ean, San Mamesen.