Itxi

Athletic Club

Williams izan da golegilea

Athleticek berdindu egin du Bernabeun, ia partida osoan aurretik joan ostean (1-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Talde zuri-gorria aurretik jarri da hamalaugarren minutuan, baina etxekoek berdinketaren gola lortu dute amaierara iristeko hiru minuturen faltan.

  • Iñaki Williams izan da zuri-gorrien gola egin duena. Argazkia: EFE

    Iñaki Williams izan da zuri-gorrien gola egin duena. Argazkia: EFE

Athleticek berdinketaren konformatu behar izan du asteazken honetan Real Madrilen aurka jokatu duen Liga txapelketako partidan. Nahiz eta ia norgehiagoka osoan zehar aurretik joan den, amaierara iristeko hiru minuturen faltan Cristiano Ronaldok sartu duen golak hamabi urte eta gero Bernabeun garaipena eskuratzeko itxaropena zapuztu die zuri-gorriei.

Zigandaren mutilek lehen ordu laurdenean hartu dute aurre markagailuan. Iñaki Williamsek ezin hobeto aprobetxatu du 14. mintuan Iñigo Cordobak sakonean eman dion pasea, eta Keylor Navasen irteera gainditu du baloia haren gainetik loratuta.

Dena den, etxekoak izan dira lehen zatian arrisku gehien sortu eta aukera argienak izan dituztenak. Izan ere, Williamsek gola egin aurretik, Ronaldok langara bidali du burukada bat. Ondoren, Marco Asensiok ere abagune nabarmena izan du berdinketa lortzeko atsedenaldira joan baino lehen, baina Kepak geldiketa bikaina egin dio. Atezaina izan da, hain zuzen ere, tarte horretan bilbotarren aldetik jokalari nabarmenena, hainbat gelditu egin baititu madrildarren aukerak ezerezean uzteko.

Bigarren zatia lasaiagoa izan da Athleticen atzelarientzat, Kepak ez baitu lehen zatian bezain besteko protagonismoa izan, nahiz eta Real Madril erasoan saiatu den eta gola erdietsi duen azken unean.

Hartara, Zidanen taldean erasoan ahalegintzen ari zela iritsi da Athleticek bigarren zatian izan duen aukerarik nabarmenena. 64. minutuan, De Marcosek eskuin hegaletik erdiratu du eta Cordobaren errematea Carvajalek atera du ia marra azpian. Hori gutxi balitz bezala, aldaratzea Raul Garciari heldu zaio, baina haren ahaleginak langan jo du.

Hortik aurrera, zuri-gorriek ez dute izan gola sartzeko beste paradarik, eta emaitzari eusteko lanetan ibili dira. Alabaina, hiru minuturen faltan, Modricek area kanpotik egindako jaurtiketa bat orpoarekin desbideratu du Cristiano Ronaldok, eta Kepak ezin izan du ezer egin gola eta berdinketa saihesteko.

Fitxa teknikoa

Real Madril 1: Keylor Navas; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Kroos, Modric, Lucas Vazquez, Marco Asensio (Isco, 69. min); Cristiano Ronaldo eta Benzema (Bale, 69. min).

Athletic Club 1: Kepa; Lekue (Susaeta, 78. min), Nuñez, Iñigo Martinez, Balenziaga; San Jose, Iturraspe; De Marcos, Raul Garcia, Cordoba (Muniain, 69. min); eta Williams.

Golak: 0-1, 14. min: Williams. 1-1, min. 87. min: Cristiano Ronaldo.

Epailea: Martinez Munuera. Txartel horiak: Lucas Vazquez eta Carvajal (Real Madril); Williams, Iturraspe, De Marcos eta San Jose (Athletic).