Itxi

Athletic Club

2-0

Athleticek garaipena lortu du Betisen aurka

eitb.eus

Talde zuri-gorriak 2-0 irabazi du San Mamesen, Ligako 36. jardunaldiko partida. Muniainek eta Adurizek sartu dituzte golak.

  • Iker Muniain. Argazkia: EFE

    Iker Muniain, Betisi sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Betisen aurka (2-0) larunbat honetan San Mamesen jokatu duen Ligako 36. jardunaldiko partidan. Norgehiagoka ona jokatu du Athleticek, aurkaria baino gehiago izan da, eta hiru puntuak eskuratu ditu.

Lehen zatia erritmo bizikoa eta parekatua izan da, baina zuri-gorriek izan dituzte abagune argienak. Neurketako lehen abagunea ikusteko 22. minutura arte itxaron behar izan dute zaleek; jokaldi ona egin du Athleticek eta Muniainen errematea kanpora joan da. Bi minutu beranduago, Williamsek jokaldi bikaina egin, pasea eman dio Muniaini eta honek baloia galdu du area barruan. Williams protagonista izan da 27. minutuan, bere erremateak langa jo baitu, eta 29. minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du Adurizen gola, aurrelaria jokoz kanpo egon delako. Atsedenaldira iritsi orduko, beste bi abagune argi izan ditu Athleticek; Mikel Ricoren erremateak langa jo du, Adurizek buruz egindako errematea kanpora joan da, eta Mikel Ricok ezin izan du errematea egin Williamsen pase baten ostean.

Bigarren zatian ere Athletic izan da nagusi, baina zuri-gorriei asko kosta zaie aurkariaren ate aurrean asmatzea. Bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik sortu bigarren zatiko lehen txanpan, baina 76. minutuan, Lekuek erdiraketa ona egin du hegaletik eta Muniainek 1-0ekoa sartu du. Gola hartu ostean, Betisek erasora jo du, eta abagune argiak izan ditu azken minutuetan; Kepa atezainak bi gol eragotzi ditu gelditu bikain bi eginda, eta 89. minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du Betisek korner baten ostean sartu duen gola. Betisek lerro guztiak aurreratuta izan ditu, eta 92. minutuan Adurizek 2-0ekoa egin du, kontraerasoari amaiera bikaina emanda. Ondorioz, hiru puntuak San Mamesen geratu dira.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Kepa; Unai Nuñez, Yeray, Iñigo Martinez; Lekue, Beñat (Iturraspe, m.62), Mikel Rico, Saborit (Cordoba, m.74); Muniain (Susaeta, m.82), Williams eta Aduriz.

0 - Betis: Pedro; Jordi Amat, Bartra, Junior (Camarasa, m.19); Tello, Javi Garcia, Fabián, Durmisi; Joaquin (Boudebouz, m.74); Sanabria (Ruben Castro, m.62) eta Loren.

Golak: 1-0, m.76: Muniain. 2-0, m.92: Aduriz.

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak atera dizkie Bartra (m.27) eta Javi Garcia (m.88) Betiseko jokalariei.