Itxi

Primera RFEF

2-1

Bilbao Athleticek abantaila hartu Huracanen aurkako lehian

Erredakzioa

Zuri-gorriek 2-1 irabazi dute joaneko partida, baina abagune oso argiak huts egin dituzte. Penalti bat alferrik gadu, eta Huracan Valentzia bizirik atera da Las Llanasetik.

0:39
Bilbao Athletic-Huracan Valentzia

Bilbao Athleticek 2-1 irabazi dio Huracan Valentziari Las Llanasen (Sestao) jokatu den Bigarren Mailara igotzeko playoffetako finalerdietako joaneko partida.

Zigandak zuzentzen duen taldea nagusi izan da lehen minututik, baina abagune asko, eta oso argiak huts egin ditu. Bigarren minutuan sartu du 1-0ekoa Guillermok. Ondoren, partidako abagune argienak zuri-gorrientzat izan dira, baina ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean. Horrenbestez, lehen zatia Bilbao Athleticen aldeko 1-0ekoarekin bukatu da.

Bigarren zatian ere Bilbao Athleticek agindu du berdegunean, eta Huracanek lehia gogortu du ostikoak emanez eta falta gogorrak eginda. Jokalari bat gutxiagorekin geratu da Valentziako taldea Javi Rubiok penaltia egin, eta txartel gorria ikusi baitu. Guillermok jaurti du penaltia, eta Paco atezainak gelditu egin du. Partida bikaina jokatu du Huracaneko atezainak.

Minutu batzuk beranduago, 72.ean, epaileak Huracan Valentziaren aldeko penaltia adierazi du, eta Omarrek banakoa (1-1) sartu du. Bilbao Athleticek bigarren golaren bila jo du azken minutuetan, eta saria jaso du 89. minutuan. Ramalhok ondo erdiratu du hegaletik, eta Guarrotxenak 2-1ekoa sartu du.

Azkenean, 2-1 irabazi du Bilbao Athleticek, eta abantaila txikiarekin ekingo dio Valentzian jokatuko den itzulerako partidari.

Fitxa teknikoa:

2.- Bilbao Athletic: Magunazelaia; Ramalho, Jon García, Albizua, Saborit; Eizmendi, Eguaras (Moran, 74. min), Eraso (Peña, 85. min), Aketxe; Goti (Guarrotxena, 82. min) eta Guillermo.

1.- Huracan Valentzia: Paco; Alexis, Tomas Ruso, Amarilla, Pomares; Morgado (David Fas, 82. min), San Julian, Pablo Vidal (Julia, 80. min), Omar; Javi Rubio eta Carreño (Fabiani, 60. min).

Golak: 1-0, 2. min: Guillermo. 1-1, 72. min: Omar, penaltiz. 2-1, 80. min: Guarrotxena.

Epailea: Lopez Puerta.