Itxi

Primera RFEF

1-2, Oviedoren aurka

Eibarrek garaipen garrantzitsua lortu du Carlos Tartieren

Erredakzioa

Armaginek 1-2 irabazi diote Oviedori, eta abantailarekin ekingo diote itzulerako partidari. Sanzek sartu du 1-0ekoa, Mainzek berdindu du partida (1-1), eta Roldanek 89. minutuan egin du 1-2koa.

5:19
Eibar

Eibarrek garaipen garrantzitsua lortu du Oviedoren aurka Bigarren Mailara igotzeko playoffetako joaneko partidan. 1-2ko emaitzarekin irabazi dute armaginek Carlos Tartieren.

Ondo ekin dio partidari Eibarrek, eta bigarren minutuan Abaroak abagune nabarmena huts egin du. Oviedo ez da ondo ibili lehen minutuetan, baina pixkanaka bere jokoa hobetzea lortu du. Abagune argiegirik sortu gabe, etxeko taldeak aurrea hartu du markagailuan. Irureta atezainak erdiraketa bat desbideratu du, aldaratzea Aitor Sanzi iritsi zaio, eta honen jaurtiketa sare barrura joan da (1-0), 18. minutuan. Golak min egin dio Eibarri, eta armaginek asko sufritu dute lehen zatiko azken minutuetan. Hala ere, Oviedok ezin izn du bigarren gola sartu.

Bigarren zatian abagune gutxiago egon dira, eta jokoa gehiago eten da. Parekotasuna izan da nagusi bigarren 45 minutuetan. Norgehiagokako 58. minutuan etorri da Eibarren gola. Mainzek aurrea hartu dio atezainari, eta banakoa sartu du (1-1). Partida oso parekatua izan da azken minutuetan. Oviedok erasora jo du, eta Eibarrek sufritu egin behar izan du defentsako lanean. Baina sufrimenduari eta lanari esker, saria jasu dute armaginek. 89. minutuan Guille Roldanek sartu du 1-2koa, eta garaipena eman dio Eibarri.