Itxi

Eibar

Astelehenean, 20:45ean

Garitano: 'Ipurua bete behar dugu Lehen Mailan jarraitu nahi badugu'

Erredakzioa

"Elxen aurkako partida Bartzelonaren edo Real Madrilen aurka jokatutakoak baino garrantzitsuagoa da. Mundu guztiak horrela ikusi behar du hori", esan du armaginen entrenatzaileak.

12:11

Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaileak esan duenez, Eibarrek astelehenean Elxen aurka jokatuko duen partida azken hilabeteetako "garrantzitsuena" da.

Armaginek lau jardunaldi daramatzate garaipena lortu ezinda; partida bat berdindu eta hiru galdu dituzte. Gainera, Elx aurkari zuzena da mailari eusteko lehian, eta horrek garrantzi berezia ematen dio Ipuruako partidari.

"Elxen aurkako partida Bartzelonaren edo Real Madrilen aurka jokatutakoak baino garrantzitsuagoa da. Mundu guztiak argi ikusi behar du hori, bai guk eta bai zaleek. Lehen Mailan jarraitu nahi badugu, horrelako partidetan Ipurua bete egin behar dugu", azpimarratu du Garitanok.

Entrenatzailea ez dago bereziki kezkatuta azken hiru partidetan jasotako porrotengatik: "Harrituta nago bolada txarra otsailean iritsi zaigulako, oso berandu. Baina astelehenerako baikor egon behar dugu. Lehen Mailaz disfrutatu behar dugu, lehiaketa konplikatua delako".