Itxi

Eibar

Elxen aurka

Kemena eta abaguneak, baina golik ez (0-1)

S.L. | eitb.eus

Gehiegizko zigorra jaso dute armaginek, eta Elxek Jonathasek egindako golari esker eskuratu du garaipena. Tyton izan da etxekoen amesgaiztoa.

0:00
Eibar-Elx

Eibarrek porrota jaso du Elxen aurka (0-1), laugarrena jarraian hain zuzen ere. Armaginek arriskua eta gol-aukerak sortu dituzte, baina ez dira Tyton handia gainditzeko gai izan.

Elxtarrak izan dira nagusi neurketaren aurreneko minutuetan, eta Jonathasena izan da, 10. minutuan, lehen gol-aukera, baina gora bidali du. Lau minutu geroago, Iruretak birritan gelditu behar izan du Albacarrek ateratako falta.

Armaginak 20.ean hurbildu dira, arriskuarekin aurrenekoz, aurkariaren ate ingurura. Boveda izan da jokaldi horren protagonista, baina baloia gurutzatuegia joan zaio. Atsedenaldira heltzeko ordu laurden baten faltan, Tytonek Raul Navasen jaurtiketa bortzita aldaratu du. Atezainaren erantzuna sendoa izan da.

43.ean, urrutiko beste jaurtiketa batean aurkaria ustekabean harrapatzeko zorian izan da Garitanoren taldea. Borjarena izan da errematea, baina Tyton erabakigarria izan da berriro ere. Eta minutu bat geroago polemikarako jokaldia: Tytonek ate barrutik atera du baloia, baina epaileak baliorik gabe utzi du jokaldia Piovaccari jokoz kanpo zegoelakoan. Errepikapenak argi utzi du italiarra ez zegoela jokoz kanpo, baina, ordea, ez da baloiak marra gainditu ote duen argitu.

Bigarren zatia hasi eta berehala markagailua estreinatu du Elxek, Jonathasek egindako golarekin. Brasildarrak buruz orraztu du Albacarren erdiraketa, eta Iruretari baloiak ihes egin dio.

Garitanorenak golaren ostean suspertu dira, eta norgehiagoka berdintzeko bi abagune izan dituzte, 52. eta 53. minutuetan. Aurrenekoan ondo aldaratu du Tytonek Lararen bolea, eta ondoren oinarekin urrundu du Ander Caparen jaurtiketa.

Etxeko taldea banakoaren bila aritu da, eta Elxek irmo defendatu du. Partida minutuek aurrera egin ahala hil da, eta, hori gutxi balitz, Eibar hamarrekin geratu da 77.ean, Piovaccarik txartela gorria ikusi baitu.  

Amaierarako sei minuturen faltan, Capari nagusitu zaio Tyton. Poloniako atezaina Eibarren amesgaiztoa izan da. Luzapenean, eskuarekin ukitu du baloia Lombanek, area barruan, baina epaileak ez du ezer adierazi. Berdinketa merezi izan dute etxekoek.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Xabi Iruretagoiena; Boveda, Añibarro, Raul Navas, Lillo (Lekic. 80'); Borja Fernandez (Dani Nieto, 74'), Dani Garcia; Saul Berjon (Capa, 46'), Arruabarrena, Javi Lara; eta Piovaccari.

1 - Elx: Tyton; Damian Suarez, Enzo Roco, Lomban, Edu Albácar; Pasalic, Adrian; Victor Rodriguez (Coro, 89'), Faiçal Fajr (Rodrigues, 85'), Aaron (Galvez, 93'); eta Jonathas.

Golak:

0-1. 49'. Jonathas.

49'. Jonathas.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Eibar