Itxi

Eibar

Porrota Bernabeun

Eibarrek ez du aukerarik izan Real Madrilen aurrean (3-0)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Ancelottiren taldea jaun eta jabe izan da Bernabeun, nahi bezala jokatu du. Eibarrek, aldiz, ez du partida osoan aukerarik izan. Cristianok, Chicharitok eta Jesek egin dituzte neurketako golak.

1:04

Eibar galtzaile atera da Santiago Bernabeu zelaitik, mami oso gutxi izan duen partidan. Real Madril askoz hobea izan da, lehen zatian batez ere, armaginei ez die utzi arnasa hartzen ere.

Ramosek eta Iscok zutoinera errematatu dute, bata bestearen atzetik, 18. minutuan. Lehen golaren aurrekaria izan da. 21.ean, Cristiano Ronaldok falta bat zuzenean jaurti eta Irureta ezustean harrapatu du. Baloia armaginen atean sartu da. Portugaldarraren 38. gola da.

Chicharito bigarrena sartzear izan da 22. Minutuan, baina ez da garaiz iritsi Cristianok egindako erdiraketa errematatzera. Ez du hutsik egin, baina, 31.ean; mexikarrak bikain errematatu du, buruz, Arbeloak eskumatik egindako erdiraketa. Madril nahi bezala aritu da.

Atsedenaldiaren atarian, Cristianok hirugarrena sartzeko aukera argia izan du, baina Iruretak erantzun bikaina eman dio. Eibarrek ez du lehen zati osoan arriskurik sortu.

Bigarren zatian, Garitanok Arruabarrena sartu du Saul berjonen ordez. Armaginek hobera egin dute, lehen zatiarekin alderatuta, baina, hori bai, zuriei buruko minik eragin gabe. Zerbait nabarmentzekotan, Raúl Navasek 66. Minutuan egindako jokaldia izan da, baina hori ere arriskurik gabekoa.

Cristianok eta Chicharitok aukera gehiago izan dituzte, baina Jese kanariarra izan da azkenean hirugarren gola sartzea lortu duena.

Azkenea, 3 eta 0, aitzakiarik gabeko porrota Santiago Bernabeun.

Fitxa teknikoa:

3 - Real Madril: Keylor Navas; Arbeloa, Varane, Ramos (Pepe, 64. min), Marcelo (Nacho, 64. min); Illarramendi, Modric (Lucas Silva, 60. min), Isco; Jesé, Chicharito eta Cristiano Ronaldo.

0 - Eibar: Irureta; Lillo, Añibarro, Raúl Navas, Dídac; Dani García (Boateng, 76. min), Borja, Capa, Saúl Berjón (Arruabarrena, 46. min), Javi Lara; eta Manu del Moral (Piovacari, 65. min).

Golak: 1-0, min. 21: Cristiano Ronaldo; 2-0, 31. min: Chicharito; 3-0, 83. min: Jese.

in: Jese.