Itxi

Eibar

Banakoa Ipuruan

Sufrituta baina puntu baliotsua lortu du Eibarrek Sevillaren aurka

Leire Etxazarra | eitb.eus

Jose Luis Mendilibarren taldea 8. minutuan aurreratu da Borja Bastonek egindako golari esker. Bigarren zatian, Sevillak nabarmen hobetu du bere jokoa eta Gameirok berdinketaren gola egin du.

0:58

Eibarrek estu eta larri amaitu du Ipuruan Sevillaren aurka jokatutako Liga partida. Andaluziarrak partida irabaztear izan dira, neurketa 8. minututik galtzen hasi diren arren.

Bi zatiak erabat ezberdinak izan dira. Armaginak jaun eta gabe izan dira lehen 45 minutuetan, eta Sevillarrak, berriz, noraezean ibili dira, baloia hanketan mantentzeko arazoekin.

Borja Bastonek jarri ditu aurretik gipuzkoarrak. Burukada ederra emanda errematatu du Saul Berjonek ateratako falta. Laugarren partida jarraian daramatza golak egiten.

Emeryren taldeak atsedenaldiaren aurretik izan duen aukera bakarra 35. minutuan izan du Reyesek, baina Asier Riesgok erantzun ederra eman du, baloia urrunduz. Eibarreko atezainak norgehiagoka bikaina egin du.

Bigarren zatia, Sevillarentzat

Partida goitik behera aldatu ba bigarren zatian. Talde andaluziarrak zelai erdiaren kontrola hartu du, eta Konoplyankaren sarrerak erasoan indarberritu ditu. Gauzak horrela, Eibar sufritzen hasi da, eta egoera gehiago okertzekotan izan da, epaileak ez baitu adierazi Ramisek egindako penalti argia.

Berdinketa 71. minutuan egin du Sevillak. Gameirok sartu du gola, Iborraren erdiraketa eta Eibarren defentsaren hutsa aprobetxatuta.

Fitxa teknikoa:

1 - Eibar:
Riesgo; Capa, Dos Santos, Ramis (Pantic, 57. min), David Juncà; Escalante, Dani García; Saúl Berjón (Keko Gontán, 69. min), Adrián, Inui; eta Borja Bastón (Sergi Enrich, 82. min).

1 - Sevilla FC:
Sergio Rico; Coke, Rami, Kolodziejczak, Tremoulinas; Krychowiak, N'Zonzi (Banega, 67. min); Reyes (Konoplyanka, 54. min), Iborra, Vitolo; eta Gameiro (Immobile, 84. min).

Golak:
1-0. 7. min. Borja Bastón;  1-1. 70. min. Gameiro.