Itxi

Eibar

Porrota

Las Palmasek hiru puntuak eraman ditu Ipuruatik (0-1)

L.E. | eitb.eus

Epaileak ez du adierazi Sergi Enrichi bigarren zatiak egindako penalti argia. Kanariarrak hobeak izan dira, eta atsedenaldiaren atarian egindako golak kalte handia egin die armaginei.

  • Kanariarrak hobeto aritu dira Eibar baino. Argazkia: Efe.

    Kanariarrak hobeto aritu dira Eibar baino. Argazkia: Efe.

Hiru puntuek ihes egin diote Eibarri Ipuruan, Las Palmasen aurka 0 eta 1 galduta. Partida txarra jokatu du Jose Luis Mendilibarren taldeak.

Armaginei dena falta izan zaie: futbola, bizitasuna eta intentsitatea. Ez dute asmatu, eta ez dira kanariarrei aurre egiteko gai izan. Quique Setienen taldea, berriz, estu eta larri iritsi da Ipuruara, sailkapeneko azken postuetan sartuta baitago, eta urrezko hiru puntu eraman dituzte.

Lehen zatian kanariarrak nagusi izan dira. Arriskua sortu dute armaginen arean. Eskerrak Riesgo bikain aritu dela, atezaina gipuzkoarren jokalaririk onena izan da.

Wakasok, Jonathan Vierak eta El Zharek izan dituzte lehen zatiko aukerarik onenak. Esan bezala, Riesgok erantzun bikaina eman die guztiei. Hala ere, atezainak ezer gutxi egin ahal izan du golaren jokaldian. Lehen zatikiko azken minutuan, Pedro Bigasek burukada ederra eman dio baloiari eta Eibarren atearen barruan sartu du.

Bigarren zatian, armaginak golaren bila atera dira, hobeto jokatu dute, baina arrisku handirik sortu gabe. Setienen taldea partida lokartzen saiatu da, eta asmoa ondo atera zaio.

Penalti argia Enrichi

Hala ere, gauzak erabat aldatzeko zorian izan dira Sergi Enrichi penalti argia egin diotelako Las Palmasen area barruan, baina epaileak ez du ezertxo ere adierazi. Horren aurretik, ikusleek ere beste penalti bat eskatu dute, Borja Bastoni egindakoa, baina jokaldia zalantzazkoa izan da.

Azkenean, 0 eta 1 Las Palmasen alde. Bidezko emaitza, zelaian ikusitakoaren arabera. Mendilibarren taldeak partida zailak ditu orain; Sevilla eta Bartzelona dira hurrengo aurkariak.