Itxi

Eibar

1-1

Puntu bana Eibarrentzat eta Deportivorentzat

Erredakzioa

Armaginek eta galiziarrek bana (1-1) berdindu dute Ipuruan. Adrian Gonzalezek sartu du lehen gola eta Fede Cartabia izan da partida berdintzea lortu duen jokalaria.

  • Arian eta Fede Cartabia. Argazkia: EFE

    Adrian Gonzalez eta Fede Cartabia, partidako bi golegileak. Argazkia: EFE

Eibarrek eta Deportivok bana (1-1) berdindu dute Ipuruan eta puntu banaketa honekin, talde gipukoarrak 42 lortu ditu jada BBVA Ligan. Galizarrek, aldiz, 39 puntu dituzte.

Partida erritmo biziarekin hasi da, eta armaginak nagusi izan dira lehen zatian. Gogotsu atera da Mendilibarrek zuzentzen duen taldea eta 8. minutuan gola lortu du. Korner baten ondorioz, Adrianek errematea egin eta aurkari batengan jo ostean, 1-0ekoa sartu du. Gola sartu ondoren ere etxeko taldea izan da baloiaren jabe, baina abagune asko sortu gabe. Borja Bastonek jokaldi bikaina egin du 26. minutuan; area barruan baloia jaso, Sidneyri izkin egin eta bere errematea langa gainetik kanpora joan da. Deportivo ezinean ibili da lehen 45 minutuetan eta abagune bakarra izan du. Fajrren errematea gutxigatik kanpora joan da, 38. minutuan.

Bigarren zatian aldatu egin da norgehiagokaren gidoia. Erritmoak bizia izaten jarraitu du, baina Deportivo izan da nagusi lehen minutuetan. Galiziako taldeak abagune ugari izan ditu. 54. minutuan jokaldi dotorea egin du Deportivok; Laureren jaurtiketa, ordea, kanpora joan da. Eibarren erantzuna Hajrovicek langara bidali duen falta jaurtiketa baten ondorioz etorri da. Deporrek erasokorra izaten jarraitu du, eta 59. minutuan Fede Cartabiak ez du gutxigatik gola sartu, jaurtiketa dotore baten ostean. Eibar saiatu da galiziarrek bigarren zatian izan duten nagusitasunari erantzuten, baina ez dute abagune argirik sortu. Victor Sanchez Del Amok zuzentzen duen taldeak ekinean jarraitu eta partida berdintzea lortu du, 71. minutuan. Fede Cartabiak area kanpotik jaurtiketa egin, eta banakoa (1-1) sartu du.

Azken txanpan bi taldeak saiatu dira garaipenaren gola lortzen, baina bietako batek ere ez du abagune argirik sortu. Amaieran, bi taldeak indarge geratu dira, eta partida berdinduta bukatu da (1-1).

Fitxa teknikoa:

1 - SD Eibar: Riesgo; Capa, Dos Santos, Ramis, David Junca; Keko Gontán (Radosevic, 88. min), Escalante, Adrian, Hajrovic (Jota Peleteiro, 67. min); Borja Bastón (Saul Berjon, 78. min) eta Sergi Enrich.

1 - Deportivo: Manu Fernandez; Laure, Arribas, Sidnei, Juanfran; Fede Cartabia (Jonas, 88. min), Mosquera, Celso Borges, Faycal Fajr (Cani, 71. min); Oriol Riera et Lucas Perez.

Golak: 1-0. 7.min. Adrián; 1-1. 70. min Fede Cartabia.

Epailea: Eduardo Prieto Iglesias.

 

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Eibar argazkiak