Itxi

Eibar

2-3

Osasunak lehen garaipena lortu du Eibarri derbia irabazita

Erredakzioa

Gorritxoek 2-3 irabazi dute, galtzen hasi ostean. Lehen gola Escalantek sartu du armaginentzat eta Sergio Leonen bi golekin aurrea hartu du Osasunak. Enrichek binakoa egin du, eta Torresek 2-3koa.

  • Osasuna. Argazkia: EFE

    Osasunako jokalariak Roberto Torresek sartu duen 2-3koa ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak denboraldiko lehen garaipena lortu du Eibarri derbia irabazita (2-3) Ipuruan. Armaginek eta gorritxoek lehen aldiz neurtu dituzte indarrak Lehen Mailan eta talde nafarra atera da garaile.

Jose Luis Mendilibar Eibarreko entrenatzaileak Sergi Enrich eta Antonio Luna hasierako hamaikakoan jarri ditu bi jokalari hauen inguruan sortu den polemikaren ondorengo lehen partidan. Enrique Martin Monreal Osasunako entrenatzaileak, aldiz, Oriol Riera eta Sergio Leon lehen aldiz jarri ditu batera hamaikakoan.

Norgehiagoka hasi eta 13 segundora Eibarrek lehen gola sartu du (1-0). Gonzalo Escalantek area kanpoan jaso du baloia eta gol ikusgarria sartu du jaurtiketa indartsu bati esker. Gola hartu osten Osasuna ez da behera etorri eta Oriol Rieraren erremate baten bitartez berdinketa lortzetik gertu egon da. 1-0ekoaren ondoren, armaginek ez dute baloiaren jabetza izan, baina Capak zuzendutako kontraeraso batean gola sartzekotan egon da; Sergi Enrichen errematea, ordea, Nauzetek geratu du. Bebe ere gola sartzetik gertu izan da, baina bere falta jaurtiketa kanpora joan da, zutoina urratuta. Minutu txar batzuen ondoren, Osasunak erasora jo du, eta 25. minutuan partida berdintzea lortu du. Hegaletik etorritako erdiraketa Sergio Leonek bikain errematatu du sare barrura (1-1). Golak indarra eman dio talde gorritxoari eta hiru minutu beranduago Sergio Leonek 1-2koa sartu du. Asier Riesgo atezainak huts handia egin du, eta gola hartzea eragin du. Hiru minututan bi gol hartuta Eibarrek une txarrak pasa ditu, baina atsedenaldira iritsi orduko, 45. minutuan, Sergi Enrichek lehia berdindu du (2-2). Beberen erdiraketari amaiera ezin hobea eman dio Enrichek.

Bigarren zatian Osasuna bizi zelairatu da, eta bi abagune argi izan diu Roberto Torresen eskutik; lehenengo, jaurtiketa arriskutsua egin du, eta, jarraian, erdiraketa bikaina jarri dio Oriol Rierari, baina honen errematea Riesgo atezainak geratu du. 57. minutuan, Osasunak hirugarren gola sartu du. Roberto Torres Caparen huts batez baliatu da 2-3koa sartzeko. Kolpe latza hartu du Eibarrek gorritxoen gol honekin, baina partidako azken txanpan berdinketa lortzeko abaguneak izan ditu. Pedro Leonen jaurtiketa bat oso gutxigatik kanpora joan da, eta 83. minutuan Eibarrek Flañok Pedro Leoni egindako penaltia eskatu du. Epaileak, ordea, ez du ezer adierazi. Azken minutuetan epaileak baliorik gabe utzi du Oriol Rieraren gol bat aurrelaria jokoz kanpo egon delako. Amaierako minutuetan Nano eta Fran Rico saiatu dira berdinketaren gola sartzen, baina Nauzet atezainak eragotzi du armaginek berdinketa eskuratzea.

Fitxa teknika:

2 - Eibar: Riesgo; Capa, Dos Santos (Ramis, m. 61), Lejeune, Antonio Luna; Escalante (Nano, m. 46), Dani Garcia, Fran Rico; Pedro Leon, Bebe (Jota Peleteiro, m. 69); eta Sergi Enrich.

3 - Osasuna: Nauzet; Oier Sanjurjo, David Garcia, Miguel Flaño, Unai Garcia, Alex Berenguer; Roberto Torres, Digard (Fausto Tienza, m. 69), De las Cuevas (Otegui, m. 78); Oriol Riera eta Sergio León (Javi Alamo, m. 81).

Golak: 1-0. m. 1. Escalante; 1-1. m. 25. Sergio Leon; 1-2. m. 31. Sergio Leon; 2-2. m. 45. Sergi Enrich; 2-3. m. 57. Roberto Torres.

Epailea: Mario Melero Lopez.

o Melero Lopez.

o Melero Lopez.