Itxi

Eibar

0-3

Eibarrek erabakita utzi du Osasunaren aurkako kanporaketa

Erredakzioa

Armaginek 0-3 irabazi dute gorritxoen aurkako Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko partida eta eskura dute final-laurdenetarako txartela. Nano, Bebe eta Adrian izan dira golegileak.

  • Osasuna-Eibar. Argazkia: EFE

    Osasuna-Eibar. Argazkia: EFE

Eibarrek Errege Kopako final-laurdenetarako txartela esku-eskuan du Osasunari 0-3 irabazita Sadarren jokatu den final-zortzirenetako joaneko partida. Datorren astean itzulerako partida jokatuko dute Ipuruan.

Partida erasokor hasi du talde armaginak eta lehen abaguneak izan ditu. Lehen minutuan Mario atezainak Eibarren gola eragotzi du Buñuelen jaurtiketari erantzun ona emanda eta 4. minutuan Adrianek langa gainetik kanpora bidali du errematea. Ondorengo minutuetan Eibar izan da nagusi, baina ez du abagune argirik sortu. Osasunak ezer gutxi egin du erasoan eta ez du gola sartzeko aukerarik sortu. Eibarren nagusitasunak saria jaso du 28. minutuan; Lunak hegaletik erdiratu eta Nanok 0-1ekoa sartu du baloia sare barrura errematatuta. Gola sartu ostean Mendilibarrek zuzentzen duen taldearen nagusitasuna handiagoa izan da, eta bigarren gola sartzeko pare bat abagune izan ditu. 33. minutuan Nanok ezin izan du errematea ondo egin defensa bat aurreratu zaiolako. Gorritxoek lehen zatian izan duten abagune bakarra 42. minutuan iritsi da, baina Yoel atezainak ondo gelditu du Oriol Rieraren jaurtiketa. Atsedenaldira iritsi orduko Galvezek bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina Mario atezainak ondo erantzun du.

Bigarren zatian Osasunak itxura hobea eman du. Bi taldeei asko kosta zaie abaguneak sortzea lehen minutuetan. Azken txanpan, ordea, gorritxoek partida berdintzeko bi abagune bikain izan dituzte; 69. minutuan Causicek buruz egindako errematea gutxigatik kanpora joan da, eta 74. minutuan Yoel atezainak Sergio Leoni buruz-burukoa irabazi dio baloia desbideratzea lortu eta Osasunaren gola eragotzita. Osasuna ondoen ibili den momentuan Caparrosek zuzentzen duen taldeak kolpe latza jaso du. 75. minutuan armaginek kontraeraso azkarra antolatu dute, Mariok Adrianen errematea desbideratzea lortu du, baina ezin izan du Beberen jaurtiketa sare barrura sartzea eragotzi (0-2). Norgehiagokaren azken minutuetan Osasuna saiatu da aldeak murrizten eta erasora jo du, baina ez du abagune argirik izan. Gainera, 89. minutuan Eibarrek 0-3koa sartu du Adrianen bitartez eta kanporaketa erabakita utzi du.

Fitxa teknikoa:

0 - Osasuna: Mario; Aitor Buñuel, Tano, Ivan Marquez, Fuentes (Lorea, m.78); Oier, Imanol Garcia (Causic, m.46), Fausto Tienza, Roberto Torres (Alex Berenguer, m.46); Sergio Leon eta Oriol Riera.

3 - Eibar: Yoel; Arbilla, Dos Santos, Galvez, Luna (Capa, m.80); Escalante (Fran Rico, m.67), Christian Rivera; Ruben Peña, Adrian, Bebe; eta Nano (Kike Garcia, m.73).

Golak: 0-1, m.28: Nano. 0-2, m.75: Bebe. 0-3, m.90: Adrian.

Epaileak: Gonzalez Gonzalez.