Itxi

Eibar

Garaipena etxean

Eibarrek beste hiru puntu lortu ditu (3-1)

Agentziak | Erredakzioa

Armaginek Las palmas hartu dute mendean Ipuruan, Bebek, Aythamik bere atean eta Adrianek penaltiz egindako golei esker. Kanariarren gol bakarra Lemosek egin du.

  • Eibarreko jokalariak, gol bat ospatzen. Argazkia: Efe.

    Eibarreko jokalariak, gol bat ospatzen. Argazkia: Efe.

Eibar Las Palmasen gainetik pasatu da ostegun honetan bi taldeek Ipuruan jokatutako partidan. Gipuzkoarrak 3 eta 1 gailendu dira, arazo handirik gabe, kanariarrek neurketa oso kaskarra jokatu dutelako.

Armaginek Las Palmasen aurka Lehen Mailan lortzen duten lehen garaipena da gaurkoa, Quique Setienen taldearen aurkako azken lau partidetan galtzaile atera baitira aurreko bi denboraldietan.

Eibarrek bere gain hartu du partidaren erritmoa lehen minututik, eta bere ekinak saria izan du. Bebek egin du lehen gola 13. minutuan, Antonio Lunak emandako pasea baliatuz. Bebe Inui zigortuaren ordez aritu da gaur.

Mendilibarren taldeak bereari eutsi dio eta bigarren golaren bila aritu da. Kike Garciak Beberen pasea jaso eta atera jaurti du. Baloiak Aythami Artiles atzelaria jo du, eta ate barrura sartu da.

Quique Setienek atsedenaldian jokalariei esandakoek eragina izan dute, kanariarren jarrera erabat aldatu baita. Horrela, Mauricio Lemosek kanpotarren gola (gol ikusgarria) egin du falta jaurtiketa baten bidez.

Hala ere, pozak gutxi iraun die kanariarrei, hurrengo jokaldian epaileak penaltia adierazi baitu Eibarren alde. Adrian Gonzalezek 3 eta 1ekoa egin du baloia ate barrura sartuta.

Fitxa teknikoa

3 - Eibar: Yoel; Capa, Ramis, Lejeune, Antonio Luna; Escalante (Christian Rivera, 60. min), Dani García; Pedro León (Rubén Peña, 61. min), Adrián, Bebé; eta Kike García (Sergi Enrich, 81. min).

1 - Las Palmas: Raúl Lizoain; David Simón, Aythami Artiles, Mauricio Lemos, Hélder Lopes; Montoro; Momo, Halilovic, Roque Mesa (Hernán, 85. min), Jonathan Viera (Prince Boateng, 72. min); eta Livaja (Jesé, 77. min).

Golak: 1-0, 13. min, Bebé; 2-0, 23. min, Artils (bere atean); 2-1, 61. min, Mauricio Lemos; 3-1, 62. min, Adrián (penaltiz).

ián (penaltiz).