Itxi

Eibar

0-1

Athleticek azken minutuan lortu du garaipena Eibarren aurka

Erredakzioa

Raul Garciak 93. minutuan sartutako golak garaipena eman dio talde zuri-gorriari Ipuruako derbian. Armaginek jokalari bat gutxiagorekin jokatu dute ia 2. zati guztia Escalante egotzia izan baita.

  • Raul Garcia. Argazkia. EFE

    Raul Garcia Eibarri sartutako garaipenaren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek 0-1 irabazi dio Eibarri Ipuruan jokatutako euskal derbia eta bertan lortutako hiru puntuei esker, zuri-gorriak Europako postuetara itzuli dira. Athletic seigarren da sailkapenan, 56 punturekin. Armaginak Europako ametsetik aldendu dira porrot honekin eta zortzigarren postuan jarraitzen dute, gaurko aurkariarengandik sei puntura.

Lehen zatia intentsitate askokoa izan da, baina ia abagunerik gabekoa. Antzerako baloi jabetza izan dute bi taldeek eta atezainek ez dute lanik izan. Eibarrek erdiraketa asko bidali ditu areara, baina ez du Athleticen defensa-lerroa arazoetan jarri. Zuri-gorriak baloi luzeen bitartez saiatu dira arriskua sortzen, baina ez dute lortu. Zortzigarren minutuan Eibarrek penaltia eskatu du San Josek area barruan baloia eskuz ukitu duelako; epaileak, ordea, ez du ezer adierazi.

Bigarren zatia hasi bezain laster, etxeko taldeak gola sartzeko abagune argia izan du: Enrich bakarrik geratu da Keparen aurrean eta atezainak armaginen gola eragotzi du, errematea desbideratuta. Norgehiagokako 55. minutuan Eibar jokalari bat gutxiagorekin geratu da Escalantek txartel gorria ikusi baitu Muniaini egindako sarrera itsusi batengatik. Ordutik aurrera Athletic izan da baloiaren jabe eta abaguneak sortzen hasi da. Raul Garciak zutoinera bidali du errematea 62. minutuan  eta lau minutu beranduago Yoel atezainak Athleticen gola eragotzi du Muniani geldiketa ona eginda. Nafarroako jokalariak pasea emateko aukera izan du, baina jokaldia berak amaitzea erabaki du, eta gaizki atera zaio. Ondorengo minutuetan, ordea, Eibarrek ondo eutsi dio Athletici eta Valverdek zuzentzen duen taldeari asko kosta zaio gol-aukerak sortzea. Ematen izan du partida golik gabe berdinduta amaituko dela, baina 93. minutuan Raul Garciak 0-1ekoa sartu du. Beñatek falta jaurtiketa bikaina egin, Yoel atezainak erantzun ikusgarria eman dio baloia desbideratuta eta aldaratzean Raul Garciak garaipenaren gola sartu du.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Yoel; Capa, Ramis, Galvez, Antonio Luna (David Juncà, m. 41); Pedro Leon, Escalante, Dani Garcia, Inui (Christian Rivera, m. 58); Sergi Enrich (Adrian, m. 88), eta Kike Garcia.

1 - Athletic Club: Kepa; De Marcos, Yeray, Laporte, Balenziaga; Iturraspe (Beñat, m. 63), San Jose; Williams (Susaeta, m. 85), Raul Garcia, Muniain; eta Aduriz (Sabin Merino, m. 80).

Gola: 0-1. m. 94. Raul Garcia.

Epailea: Carlos del Cerro Grande.