Itxi

Eibar

0-1

Athleticek lortu du garaipena Eibarren aurkako derbian

Erredakzioa

Zuri-gorriek 0-1 irabazi dute Ipuruan Aritz Adurizek 39. minutuan sartu duen golari esker. Armaginek lehen porrota jaso dute Ligan eta bizkatairrek lehen garaipena eskuratu dute.

  • Eibar-Athletic. Argazkia: EFE

    Athleticeko jokalariak Adurizek Eibarri sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Eibarren aurka (0-1) Ipuruan jokatutako euskal derbian. Talde armaginak lehen porrota jaso du Ligan eta talde zuri-gorriak, aldiz, bere lehen partida irabazi du.

Ohiko bizitasunarekin ekin dio Eibarrek norgehiagokari eta atzean sartu du Athletic, baina Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak ez du abagune argirik sortu. Capak 4. minutuan egin duen jaurtiketa Kepa atezainak gelditu du arazorik gabe eta 10. minutuan Inuik egindako jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Athletic sendo mantendu da defentsan eta Williamsen barnekaldi baten bitartez erantzun du. Ondorengo minutuetan lehia parekatu egin da, eta bi taldeei kosta egin zaie abaguneak sortzea. Minutuak aurrera joan ahala Athleticek jokoa hobetu du, eta 39. minutuan, zuri-gorriek izan duten lehen abagunean Adurizek sartu du 0-1ekoa. Unai Nuñezek zelai erdian baloia aldendu du, Williamsek bikain kontralatu, erdiraketa ona egin, eta Adurizek sare barrura bidali du errematea. Neurketa zuri-gorrien aldeko gol bateko abantailarekin iritsi da neurketa atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran ere erasokor zelairatu da Eibar eta lehen zatian gertatu bezala, atzean sartuta egon da Athletic. Ramisek langa gainetik kanpora bidali duen errematea izan da armaginen lehen abagunea bigarren zatian. Athleticen erantzuna 69. minutuan etorri da; Williamsek jokaldi ona egin du, baina bere jaurtiketa kanpora joan da. Hurrengo jokaldian, aldiz, talde armginak izan du berdinketa lortzeko abagunea, baina Kepa atezainak gola eragotzi du, gelditu bikaina eginda. Kike Garcia berriro gola sartzetik gertu egon da 73. minutuan; oraingoan ere, ordea, Kepak goleko marran harrapatu du baloia. Eibarren abaguneen ostean Athleticen txanda izan da, eta zuri-gorriek ere izan dituzte aukerak gola sartzeko. Adurizek jokaldi ona egin du 73. minutuan, baina bere azken jaurtiketa indarge joan da kanpora. Minutu bat beranduago Muniainen errematea Dmitrovic atezainak gelditu du. Eibar berdinketa lortzen saiatu da azken txanpan baloi luzeak area barruan jarrita eta Sergi Enrichek abagune ona izan du 83. minutuan, baina bere errematea langa gainetik kanpora joan da. Azken minutuetan Athleticek ondo eutsi dio emaitzari, baloiaren jabe eginda. Gainera, epaileak Jordan egotzi du 91. minutuan Muniaini egin dion falta baten ostean bigarren txartel horia aterata. Amaieran, hiru puntuak Athleticentzat.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Dmitrovic; Capa, Oliveira, Ramis, Cote; Dani Garcia (Rivera, m. 82), Jordan; Ruben Peña (Bebé, m- 46), Kike, Inui (Enrich, m. 62); Charles.

1 - Athletic Club: Kepa; Boveda Laporte, Nuñez, Saborit; San Jose, Vesga, Cordoba (Muniain, m. 65), Williams (Lekue, m. 79), Raul Garcia, Aduriz.

Golak: 0-1 (m-38, Aduriz)

Epaileak: Sanchez Martinez.