Itxi

Eibar

Ipuruan

Eibarrek bere aurpegirik onena erakutsi nahi du gaur Leganesen aurrean

Agentziak | Erredakzioa

Jose Luis Mendilibarren mutilek denboraldiko lehendabiziko puntuak bildu nahi dituzte Ipuruan, orain arte etxean jokatutako norgehiagoka bakarrean 0-1 galdu baitzuten Athleticen aurrean.

  • Mendilibar bere jokalariei aginduak ematen Sevillarren aurkako partidan. EFE

    Mendilibar bere jokalariei aginduak ematen Sevillarren aurkako partidan. EFE

Eibar bere ohiko jokoa berriro egiten saiatuko da gaur Leganesen kontra Ipuruan jokatu behar duen partidan, aurreko astean Sanchez Pizjuan zelaian emandako irudi txarra atzean utzita.

Madrildarrak, bere aldetik, minduta helduko dira, duela astebete Getaferen aurka porrota izan eta gero (1-2).

Jose Luis Mendibalerren mutilek denboraldiko lehendabiziko puntuak bildu nahi dituzte Ipuruan, orain arte etxean jokatutako norgehiagoka bakarrean 0-1 galdu baitzuten Athleticen aurrean.

Mendilibar berak gaur jakitera eman duenez, atzeko lerroan ia beti titularra den Ivan Ramis bajan dago, bikietako batean mina baitu. Horrez gain, Pedro Leon, Fran Rico, Ivan Alejo eta Yoel ere ez daude jokatzeko moduan.

Hartara, Zaldibarko teknikariak deialdian sartu ditu jokatzeko moduan dituen 19 jokalariak, eta horietako bat baztertu beharko du azken orduan. Litekeena da Galvez Ramisen lekuan aritzea defentsan, eta Joan Jordanek Dani Garciarekin batera jardutea zelai erdian, partida bateko zigorra bete ondoren.

Itxura guztien arabera, erasoko eskuin hegala da buruko min gehien eragin ditzakeena; izan ere, leku horretan berariaz jokatzen duten bi jokalariak daude lesionatuta. Ziur asko, entrenatzaileak Ruben Peña jarriko du leku horretako zereginak betetzen.

Armaginen eta madrildarren arteko norgehiagoka hau erabateko klasiko bihurtu zen 1990eko hamarkadan zilarrezko kategorian, eta Eibarren jokatu zuen Asier Garitanori bere etxea izan zenera itzultzeko aukera emango dio; oraingo honetan, Leganeseko entrenatzaile gisa.

Garitanok hamaikako bera erabili du orain arteko hiru jardunaldietan, baina ez dago argi Eibarren ere hamaikako hori zelairatuko duen.

Azken fitxaketak sasoi betean daude eta Siovas greziarrak, lesioa sendatu ostean, erritmo gehiago dauka orain; beraz, baliteke aldaketaren bat izatea. Titok, berriz, ezingo du norgehiagoka jokatu, min hartuta dagoelako.

Leganesek Espanyoli irabazi zion etxetik kanpo jokatu zuen lehen partidan, eta bosgarren postuan dago, sei punturekin. Alabaina, partida ona egiten saiatuko dira berriro, asteazkenean Gironaren bisita jaso aurretik, lehen mailari eusteko borrokan etsai zuzena izan dezakeen taldeetako bat, alegia.

Eibarren izandako aurrekariei so eginez gero, partida parekatua izango da, aurreikuspenak betetzen badira. Orain arte, hamabi partida jokatu dituzte elkarren aurka, eta hamaika gol sartu dituzte. Hutsean amaitutakoak dira nagusi, sei aldiz errepikatu baita. Aurreko denboraldian bakarrik lortu zuen bi taldeetako batek bestea gol bat baino gehiagoko aldearekin menderatzea (2-0).

Balizko hamaikakoak:

Eibar: Dmitrovic; Capa, Galvez, Oliveira, Jose Angel; Dani Garcia, Jordan; Ruben Peña, Enrich, Inui; eta Kike García.

Leganes: Cuellar; Zaldua, Muñoz, Mantovani edo Siovas, Diego Rico; Eraso, Ruben Perez; Szymanowski, Omar, Gabriel; eta Guerrero.

Epailea: Martinez Munuera (Valentzia).

Futbol-zelaia: Ipurua.

Ordua: 21:00.