Itxi

Eibar

1-0

Garaipenen bidera itzuli da Eibar, Leganesi gol bakarragatik irabazita

ERREDAKZIOA

Armaginek 1-0 azpiratu dute Leganes Ipuruan, bigarren zatiaren hasieran  Alejandro Galvez atzelariak sartutako meritu handiko golari esker.

  • Eibarko jokalariak gaurko gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Eibarko jokalariak gaurko gola ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek 1-0 irabazi dio Leganesi Alejandro Galvez atzelariak bigarren zatia hasi eta gutxira buruarekin sartutako gol bakarrari esker. Ipuruan ostiral honetan jokatutako partidak Santander Ligako laugarren jardunaldiari eman dio hasiera.

Eibarko taldeak bi aste zeramatzan punturik lortu gabe, baina Leganesen lepotik heldu dio berriz ere garaipenen bideari. Asier Garitanok zuzentzen duen talde madrildarra ez da oso zuzen aritu, inoiz heldu ez den aukera baten zain egon baita. Leganesen aldetik Beauvue, Naranjo eta Amrabat jokalariek debutatu egin dute.

Inui izan da Eibarren aldetik jokalari arriskutsuena, eta berak gidatu ditu armaginen erasoaldi nagusienak. Lehendabizi urrutik egindako jaurtiketa batekin, eta gerora Leganesen atzeko lerroan zalantza ugari eragin duten erdiraketak eginez. Hain zuzen ere, erdiraketa horietako bat dela medio zulatu du Galvez atzelariak 53. minutuan talde zuri-urdinaren atea, berak hasitako jokaldia azken muturreraino jarraitu duenean. Izan ere, jokalari granadarrak baloia moztu du eta kontra erasoa antolatu du, Inuiri hegalera zabaldu eta hark egindako erdiraketari amaiera ezin hobea eman dio buruarekin.

EIBAR LEGANES ESCALANTE INUI EFE

Inui japoniarra partidako une batean. Argazkia: EFE

Madrildarrek ez dute arrisku handirik eraman Dimitrovicen atera, Brasanacek egindako jaurtiketa bat izanik aukera aipagarriena, eta, modu horretan, denboraldiko bigarren porrota jaso dute joan zen astean Getaferen aurka galdu eta gero. Eibarrek, bere aldetik, sei puntura heldu da, gaurko bere aurkariak duen kopuru berera.

Fitxa teknikoa:

1 - Eibar: Dmitrovic; Capa, Oliveira, Galvez, Cote; Dani Garcia, Jordan (Charles, min.86); Bebe (Arbilla, 62. minutuan), Kike (Escalante, 76. minutuan), Inui eta Enrich.

0 - Leganes: Cuellar; Bustinza, Mantovani, Ezequiel (Mauro Dos Santos, 12. minutua), Siovas, Rico; Omar Ramos (Beauvue), Darko; Gabriel, Guerrero eta Naranjo (Amrabat, 80. minutuan).

Gol: 1-0, 52. minutuan: Galvez.

Epailea: Martinez Munuera. Txartel horiak: Dani Garcia eta Oliveira Eibarren aldetik; Darko, Mauro, Rico eta Siovas y Leganesen aldetik.