Itxi

Eibar

2-2

Eibarrek puntu bat urratu du Levanteren aurka

Erredakzioa

Talde armaginak bina (2-2) berdindu du Ipuruan. Bi goleko abantaila hartu du talde bisitariak. Eibarrek, ordea, lehia berdindu du bigarren zatian Arbillaren eta Charlesen golekin.

  • Eibar-Levante. Argazkia: EFE

    Eibar-Levante. Argazkia: EFE

Eibarrek bina (2-2) berdindu du Levanteren aurka Ipuruan. 0-2 galtzen hasi da talde armagina, baina bigarren zatian neurketa berdintzea lortu du, eta garaipena lortzeko abaguneak ere izan ditu.

Partidako lehen minutuetan Eibar erasokor zelairatu da, eta lehen abisua eman du Oliveirak gora bidali duen erremate batekin. Ondorengo minutuetan, etxeko taldea izan da baloiaren jabe, baina abagune argirik sortru gabe. Pixkanaka, Levante bere areatik irtetzen hasi da, eta talde bisitariak sortu duen lehen abagune argian, Moralesek 0-1ekoa sartu du Dmitrovic atezaina gaindituta. Golaren ostean Levante nagusitu da, eta bigarren gola azkar sartu du; Moralesek jokaldi ona egin du hegaletik, pasea eman eta area barruan, Bardhik sare barrura bidali du jaurtiketa (0-2). Armaginak saiatu dira aldeak murrizten atsedenaldira iritsi baino lehen, baina ezin izan dute lortu.

Bigarren zatian, askoz hobeto jokatu du Eibarrek eta saria jaso du 51. minutuan Arbillak faltaz sartutako gol ikusgarri bati esker (1-2). Gola sartu ostean, erabat nagusi izan da Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldea. Levante atzean sartuta egon da, eta Eibarrek ez zuen asmatzen aurkariaren ate aurrean. Armaginen ekinak, ordea, saria jaso du, eta Charlesek binakoa (2-2) sartu du, 73. minutuan. Gainera, azken txanpan, Eibarrek garaipenaren bila jo du, eta amaierarako lau minutu falta zirenean Raul atezainak Eibarren hirugarren gola eragotzi du, Enrichen errematea desbideratuta.

Fitxa teknikoa:

2 - Eibar: Dmitrovic; Arbilla, Paulo, Lomban, Cote (min. 73 Juncá); Dani Garcia, Escalante; Capa, Enrich (Bebe, min. 88), Inui; Kike Garcia (Charles, min. 59).

2 - Levante: Raul; Pedro Lopez, Lerma, Postigo, Luna; Ivi (Shaq, min 71), Campaña, Bardhi (Doucure, min 88) Morales; Chema, Alegria (Boateng, min21).

Golak: 0-1, min 34. Morales. 0-2, min. 37 Bardhi. 1-2 Arbilla, min 51. 2-2, nim 73. Charles.

Epailea: Alberola Rojas.