Itxi

Eibar

Ipuruan, 18:30ean

Eibarrek bere bolada onari eutsi eta Valentziarena eten nahi du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Azkenaldian bizi duen bolada onari (jokoan izan dituen azken 12 puntuetatik 10 lortu ditu) jarraipena emateko helburu argia dute armaginek.

  • Eibarreko jokalariak Espanyolen aurkako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

    Eibarreko jokalariak Espanyolen aurkako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek Valentziaren bisita hartuko du larunbat honetan Ipuruan, azkenaldian bizi duen bolada onari (jokoan izan dituen azken 12 puntuetatik 10 lortu ditu) jarraipena emateko helburu argiarekin.

Armaginen aldetik, Mendilibarrek ezin izango ditu Yoel, Pedro León, Fran Rico, eta Juncá, ezta heldu berria den Orellana ere (azken horrek ezin du urtarrilera arte jokatu). Gainerako jokalari guztiak deituta daude larunbaterako partidara begira; alabaina, Zaldibarreko entrenatzaileak jokalariren bat baztertu beharko du.

Ramis hasierako hamaikakora itzul liteke, Oliveirari atseden emateko, Arbilla bere tokitik kenduko duenik ez dagoela baitirudi.

Dena dela, zalantzarik handienak aurreko lerroan daude. Charles bueltan baita bi partidako zigorra bete ostean, eta sasoiko zegoela aintzat hartuta litekeena da Kike Garciak ez jokatzea hasieratik. Hartara, brasildarrak Enrichekin bat egingo luke Valentziaren atea zulatzeko ahaleginean.

Valentziari dagokionez, Eibarrera bidaiatuko du garaipena lortzeko asmo bakarrarekin, sailkapenean duten bigarren postuari eutsi eta txapelaren lehian jarraitzeko.

Marcelinok zuzentzen duen taldearen deialdiko berritasun nagusia Gonçalo Guedes da, bueltan baita ezkerreko oinean egin zioten ebakuntzatik sendatuta. Aitzitik, arazo fisikoekin dabilen Carlos Soler ez da garaiz iritsi 15. jardunaldiko neurketa honetarako.

Valentziarren entrenatzaileak baditu ezin erabili ditun beste zenbait jokalari ere. Horien artean daude Jeison Murillo, Ezequiel Garay eta, batez ere, taldeko golegile nagusia den Simone Zaza aurrelari italiarra. Txartelak pilatzearen poderioz partida bateko zigorra bete behar duelako.

Balizko hamaikakoak:

Eibar: Dmitrovic; Capa, Ramis, Arbilla, Cote; Dani García Escalante; Iván Alejo, Enrich, Inui; eta Charles.

Valentzia: Neto, Montoya, Gabriel Paulista, Vezo, Lato, Andreas Pereira, Parejo, Kondogbia, Gayà, Rodrigo eta Santi Mina.

Epailea: González Fuertes (Asturiaseko Batzordea)

Zelaia: Ipurua