Itxi

Eibar

Garaipena

Gol festa Ipuruan (5-1)

Agentziak | Erredakzioa

Eibarrek disfrutatzeko partida jokatu du etxean Sevillaren aurka eta armaginak aise nagusitu dira. Kike Garcia, Orellana (2), Ramis eta Arbilla izan dira golegileak. Sevillaren gola Sarabiak egin du.

  • Eibarreko jokalariak, partidako goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

    Eibarreko jokalariak, partidako goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek garaipen handia lortu du Sevilla 5 eta 1 jipoituta. Armaginak jaun eta jabe izan dira Ipuruako berdegunean eta Sevilla mendean izan du denbora guztian.

Eibarrek neurketa ezin hobeto hasi du, 44. segundoan Kike Garciak gol bikaina egin baitu armaginen defentsak egindako aldaratzeari etekina aterata. Kolpe handia izan da andaluziarrentzat, zelaian oraindik kokatu gabe baitzeuden.

16. minutuan, Eibarrek bigarrena egin du jokaldi eder batean. Orellana izan da golegilea, Inui eta Cote protagonista izan diren jokaldian.

Sevillak aldea murriztu du epaileak Dani Garciak egindako penaltia adierazi ostean. Erabaki oso eztabaidagarria izan baita, baloiak eskuan nahi gabe eman baitio Eibarreko jokalariari.

Baina andaluziarren golak ez die eibartarrei minik egin, erasora joaten jarraitu baitute. Jose Luis Mendilibarren taldearen lanak saria izan du, Ramisek hirugarrena jarri baitu markagailuan, korner baten ondorioz.

Bigarren zatian, erritmoak behera egin du apur bat, baina Eibarren nagusitasunak ez du behera egin. Sevillarrek huts galanta egin dute defentsan eta Orellanak bere bigarren gola egin du, taldearen laugarrena, zaleen zoramenerako.

Ipuruako gol festa Arbillaren golarekin amaitu da. Falta bat zuzenean jaurtita egin du armaginak bere taldearen bosgarrena.

 

Fitxa teknikoa

5- Eibar: Dmitrovic; Rubén Peña, Arbilla, Ramis, Cote; Dani García, Diop (Jordán, 80. min), Alejo (Orellana, 55. min), Orellana (Capa, 87. min), Kike García, Inui; Charles (Escalante, 74. min)

1- Sevilla: Rico; Layún, Pareja, Lenglet, Escudero; Sarabia (Navas, 74. min), Roque Mesa (Banega, 52. min), Nzonzi, Nolito; Sandro (Muriel, 65. min), Ben Yedder.

Golak: 1-0, 1. min Kike García. 2-0, 16. min. Orellana. 2-1, 21. min, Sarabia (p). 3-1, 31. min Ramis. 4-1, 61. min Orellana. 5-1, Arbilla, 82. min.