Itxi

Eibar

Porrota Ipuruan

Eibarrek ez du saririk jaso, Bartzelonari aurre egin dion arren

Agentziak | Erredakazioa

Epaileak Orellana eta Mendilibar kaleratu ditu. Luis Suarez eta Jordi Alba izan dira kataluniarren golegileak.

  • Messi, Dani Garcia eta Diopekin. Argazkia: Efe.

    Messi, Dani Garcia eta Diopekin. Argazkia: Efe.

Bartzelonak liderraren aztarna utzi du Ipuruan eta hiru puntuak eraman ditu Eibarrek partida serioa eta ona egin duen arren. Armaginek baloia kataluniarrek baino gehiago izan dute lehen zatian.

Armaginak jaun eta jabe izan dira lehen 15 minutuetan, eta Valverderen taldeak lanak izan ditu zelai erditik aurrera egiteko.

Baina Bartzelonak kalitate handiko jokalariak ditu, edozein jokalditan gola egiten duten horietakoak. Messik pase ikusgarria eman dio Luis Suarezi eta uruguaiarrak partidako lehen gola sartu du 16. minutuan.

Mendilibarren gizonek ez dute atzera egin eta Orellanak banakoa egiteko aukera ederra izan du, baina bere jaurtiketa langaren kontra joan da.

Messik bigarrena egiteko aukera izan du 36. Minutuan, Suarezek egindako jokaldi on baten ondorioz, baina baloiak zutoinean jo du.

Bigarren zatian, Eibar berdinketaren bila atera da, baina lehen zatian baino bizitasuna txikiagoarekin. Barça, berriz, bere izarren jokaldi baten zain geratu da.

65. minutuan, eibartarrak 10 jokalarirekin geratu dira epaileak Orellanari bigarren txartel horia atera diolako.

Gainera, handik gutxira, epaileak Mendilibar ere bota du, protesta egiteagatik. Entrenatzaile bizkaitarra nabarmen haserretu da epaileak Suarezi Orellanak egindako gauza berberagatik (baloia urruntzea) txartela atera ez diolako.

Jokalari bat gehiagorekin, Bartzelonak lasai jokatu du eta Jordi Albak bigarren gola egin du 87. minutuan.

 

 

Fitxa teknikoa

0 - Eibar: Dmitrovic; Rubén Peña, Arbilla, Ramis (Lombán, 46. min), Cote; Dani García, Diop (Escalante, 73. min); Orellana, Jordán (Charles, 82. min), Inui; Kike García

2 - Barcelona: Ter Stegen; Sergi Roberto (Semedo, 89. min), Umtiti, Piqué, Jordi Alba; Busquets, Rakitik, Paulinho (Aleix Vidal, 73. min), Iniresta (Coutinho, 62. min); Messi eta Suárez.

Golak: 0-1, 15. min: Suárez. 0-2, 87. min: Alba.