Itxi

Eibar

OSTIRALEAN, 21:00ETAN

Eibarrek Europara begira jarri nahi du Levanteren kontura

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mendilibarrek joan zen denboraldian lortutako 54 puntuak lortzea dauka buruan. Horretarako, Eibarrek lehiatu behar dituen hamar partidetatik bost irabazi beharko lituzke.

  • Inui lehenengo itzuliko partidako jokalari nabarmenetakoa izan zen (2-2). Argazkia: EFE

    Inui lehenengo itzuliko partidako jokalari nabarmenetakoa izan zen (2-2). Argazkia: EFE

Eibarrek Levanteri egingo dio bisita ostiral honetan, bere burua aldarrikatu eta Europarako sailkapena lortzeko borrokan jarraitzeko asmoz.

Garbia da etxekoen puntu premia armaginena baino handiagoa dela, baina Mendilibarrek ohartarazi zuenez, ez du nahi bere taldea helburu zehatzik gabe gera dadila denboraldia amaitu bitartean jokatzeke dauden partidetan. Horrenbestez, jardunaldi honetako neurketa aukera ona da bide horri heltzeko.

Eibartarren entrenatzaileak sei jokalari utzi ditu etxean: hiru, lesioengatik; beste hiru, erabaki teknikoengatik.

Fran Rico, Orellana eta Sergi Enrich oraindik ez daude jokatzeko moduan; Riesgo, Lomban eta Jovanovic, berriz, Mendilibarrek hala erabakita geratu dira bidaiatu gabe.

Zurru-murruz betetako astearen ondoren, armaginek euren zaleei erakutsi behar diete ez direla Ligaz ahaztu eta mailari eustea baino asmo handinahiagoak dituztela oraindik ere.

Mendilibarrek joan zen denboraldian lortutako 54 puntuak lortzeaz hitz egin du. Horretarako, Eibarrek lehiatu behar dituen hamar partidetatik bost irabazi beharko lituzke.

Bere aldetik, Levantek jarraipena eman nahi dio Paco Lopez entrenatzailearen helduerari eta bigarren garaipena jarraian pilatzen saiatuko da. Izan ere, aurreko jardunaldian Getaferen zelaian irabaztea lortu zuen hamabost jardunaldi segidan garaipenik lortu gabe egon ostean.

Eibarri irabaztekotan, mailari eusteko xedean aurrerapauso handia emango luke Valentziako taldeak, borroka horretan buru-belarri murgilduta dauden Depor eta Las Palmas taldeek elkarren aurkak jokatuko baitute Riazorren.

Balizko hamaikakoak

Levante: Oier; Coke, Rober Pier edo Chema, Cabaco, Luna, Campaña, Lerma, Jason, Ivi, Morales, Roger.

Eibar: Dmitrovic; Capa, Ramis, Arbilla, Cote; Dani Garcia, Diop, Pedro Leon, Charles, Inui; Kike Garcia.

Epailea: Iglesias Villanueva

Zelaia: Ciutat de València

Ordutegia: 21:00