Itxi

Eibar

0-0

Eibarrek eta Realak golik gabe berdindu dute

eitb.eus

Armaginek eta txuri-urdinek 0-0 berdindu dute Ipuruan jokatu duten euskal derbia. Abagune gutxiko partida izan da, eta puntu banaketarekin amaitu da.

  • Arbilla eta Oyarzabal. Argazkia: EFE

    Arbilla eta Oyarzabal, Eibar-REala derbian. Argazkia: EFE

Eibarrek eta Realak golik gabe (0-0) berdindu dute Ipuruan jokatu duten euskal derbia. Puntu hau gehituta, Eibarrek 40 puntu ditu, 7. postutik (Girona) 4 puntura dago, eta 6. postutik (Sevilla) 6 puntura, Betisek bihar jokatuko duen partida falta delarik.

Erritmo biziarekin hasi da partida Ipuruan, baina bi taldeei asko kosta zaie abaguneak sortzea. Lehen zatia parekatua izan da, eta nahiko aspergarria zaleentzat. Joan-etorriko neurketa izan da, baina Eibarri eta Realari azken metroetan asmatzea falta izan zaie. Area kanpotik egindako jaurtiketen bidez saiatu dira gola sartzen bi taldeak. Pedro Leonen korrikaldi baten ostean Cotek kanpora bidali duen jaurtiketa eta Moya atezainak gelditu duen Jordanen beste jaurtiketa bat izan dira Eibarrek sortu dituen jokaldi arriskutsuenak. Realaren abagune onena Willian Josek izan du atsedenaldiaren aurretik, baina ez du errematean asmatu.

Bigarren zatiari gogotsu ekin diote bi taldeek eta Realak aurrea hartzeko aukera izan du 59. minutuan; Odriozola ondo sartu da hegaletik, pasea eman du atzera eta Willian Josek gora bidali jaurtiketa. Oso abagune argia izan dute txuri-urdinek. Eibarren erantzuna 73. minutuan etorri da abagune bikoitz batekin, baina Jordan ez da errematera iritsi gutxigatik eta Inuik jarraian egin duen errematea kanpora joan da. Azken txanpan saiakerak egin dituzte bi taldeek, baina ez dute abagune argirik sortu eta partida golik gabeko berdinketarekin (0-0) amaitu da.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Dmitrovic; Rubén Peña, Ramis, Arbilla, Cote (Capa, min. 64); Diop, Jordan; Pedro Leon, Charles (Escalante, min. 28), Inui (Orellana, min. 77); Kike Garcia.

0 - Reala: Moya; Odriozola, Navas, Elustondo, De la Bella; Illarra (Zubeldia, min. 88), Llorente, Zurutuza; Juanmi (Januzaj, min.71), William Jose (Agirretxe, min. 76), Oyarzabal.

Epailea: Sanchez Martinez.