Itxi

Eibar

Ekainera arte zeukan kontratua

Pedro Leonek 2020ra arte luzatu du kontratua Eibarrekin

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Eibarrera heldu zenetik, 45 partida jokatu eta hamar gol sartu ditu orain arte, nahiz eta aurtengo denboraldiko zati handi bat lesionatuta eman duen.

  • Pedro Leonek kontratu berria sinatu duen unea. Argazkia: @SDEibar

    Pedro Leonek kontratu berria sinatu duen unea. Argazkia: @SDEibar

Pedro Leonek Eibarrekin zuen kontratua 2020ra arte luzatu du, astelehen honetan klubak jakitera eman duenez. Murtziarrak talde armaginarekin zeukan lotura aurtengo ekainean zen bukatzekoa.

Mendilibarrek Eibar zuzentzen jarraituko duen argitzeke dagoen honetan, erdilariaren kontratu-luzatzea arnasbide bat Eibarreko zaleentzat; izan ere, joan zen denboraldian jokalariak berak adierazi zuenaren arabera, ez luke zentzurik izango berak taldean jarraitzea, baldin eta bere babesle handienak ez balu gauza bera egingo.

Dena dela, azken asteetan jokalariak berak aurreratu du kontratua berriztatzeko aukerak zeudela, ia denboraldi osoa zelaietatik kanpo egotera behartu duen lesioa sendatu bitartean klubarengandik babes eta laguntza handia jaso duela ikusita.

Pedro Leon 2016/2017 denboraldian iritsi zen Ipuruara, Mendilibarrek konbentzitu ostean. Leonen esanetan, Zaldibarreko entrenatzailea da bere ibilbide profesionalean izan duen prestatzaile garrantzitsuena.

Eibarrera heldu zenetik, 45 partida jokatu eta hamar gol sartu ditu orain arte murtziarrak, nahiz eta aurtengo denboraldiko zati handi bat lesionatuta eman duen.