Itxi

Eibar

Porrota, Ipuruan

Eibarrek ezin izan dio Getafe zail bati irabazi (0-1)

Agentziak | Erredakzio

Oliverak 22. minutuan egindako golak hiru puntuak eman dizkie madrildarrei. Eibarko jokalariek aukera batzuk izan dituzte, baina gola egiteko garaian ez dute asmatu.

  • Olivera golegilea eta Pedro Leon. Argazkia: Efe.

    Olivera golegilea eta Pedro Leon. Argazkia: Efe.

Getafek Europan jokatzeko zituen aukera apurrak lapurtu dizkio Eibarri Ipuruan 0 eta 1 irabazita. Armaginek ezin izan dute madrildarren 0 eta 1ekoa irauli eta hiru puntuek madril aldera alde egin dute.

Armaginak gogotsu atera dira lehen minutuetan eta Bordalasen taldea kontrolpean izan dute. Hala ere, bi taldeek elkarren indarrak neurtzen aritu dira hasieran.

Futbol gutxi ikusi dute Ipuruan bildu diren zaleek, falta askorekin eta zelai erdiko joko barik. Diop eta Escalante saiatu diren arren, Eibarrek faltan bota du Dani Garcia kapitaina.

Gol aukerarik ez da izan lehen minutu hauetan Getafek lehen aldiz Dmitrovicen atera gerturatu den arte. Fajrek baloia erdiratu du eta Oliveraren burukada armaginen ate barrura sartu da.

Bordalasen taldeak lan txukuna egin du defentsan eta bere atea ondo babestu du, Eibarren aurrera egiteko ahaleginak ezer ezean utziz.

Eibar saiatu egin da

Atsedenaldiaren ostean, partidaren norabidea banakako jokaldi batek bakarrik apurtu zezakeela ematen zuen, berdegunean oso joko eskasa ikusi delako.

Orellana eta Pedro Leon saiatu dira banakoa lortzen, baina ezin izan dute helburua gauzatu.

Azken minutuetan gipuzkoarrek dena eman dute; Getafe, berriz, denbora galtzen aritu da. Azkenean hiru puntuak madrildarrek eraman dituzte eta zazpigarren izateko borrokan murgilduta jarraitzen dute.

 

Fitxa teknikoa

Eibar: Dmitrovic; Capa, Oliveira, Lombán, Juncá (Alejo, 74. min); Diop, Escalante (Jordán, 68. min); Orellana, Rubén Peña, Pedro León; Kike García (Charles, 46. min).

Getafe: Guaita; Damián, Djene, Bruno, Cabrera (Antunes, 87. min); Mora (Diego, 67. min), Flamini; Olivera, Fajr, Amath (Molinero, 80. min); Ángel.

Golak: 0-1, 22. min: Olivera.