Itxi

Reala

Anoetan

Griezmannen erakustaldia, eta urrezko hiru puntu (4-0)

Erredakzioa

Realak partida biribila jokatu, eta aise irabazi du Elxen aurka, Anoetan. Antoine Griezmannek hat-trick bat lortu du lehen aldiz. Carlos Velak ere gola egin du.

1:15

Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak garaipen ederra lortu du Elxen kontra, Anoetan (4-0). Txuri-urdinek partida bikaina jokatu dute erasoan eta defentsan, eta Antoine Griezmannek erakustaldia eman du, hiru gol eginda.

Fran Escribaren gizonek ausart jokatu dute Anoetan, baina Realak atera jaurti dituen aurreneko bi jaurtiketetan bi gol lortu ditu. Partidako 2. minutuan, Antoine Griezmannek Toño buruz gain gainditu du, eta, 11. minutuan, frantziarrak sareetara bidali du buruz Xabi Prietoren erdiraketa ederra.

Bigarren golaren ostean, Elxek erritmoa jaitsi egin du, eta Jagoba Arrasateren gizonak jaun eta jabe izan dira berdegunean. Txuri-urdinek kontraerasoa bilatu dute, Vela eta Agirretxerekin, eta Elxeko defentsa larri ibili da. Agirretxek baloia sareetara bidali du 32. minutuan, baina epaileak gola baliogabetu du, jokoz kanpokoa adierazita. Usurbilgo aurrelaria ez zegoen aurreratuta. Markagailuan 2-0 nagusi zela joan da Gipuzkoako taldea atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean, 50. minutuan, Carlos Vela mexikarrak txuri-urdinen hirugarren gola sartu du, areaz kanpotik jaurtiketa gogorra eginez. Realak lasaiago jokatu du 3-0ekoarekin, eta Elxek ezin izan du erasoan erantzunik eman.

Norgehiagokako 74. minutuan, Antoine Griezmannek hat-tricka lortu du, baloia sareetara bidalita (4-0). Azken minutuetan, Claudio Bravok gelditu bikainak egin ditu. Boakyek Elxen gola eskuratzeko abagune oso argia izan du, baina Txileko atezainak ederki desbideratu du baloia kornerrera. Escribaren gizonek beste aukera argi bat izan dute, 85. minutuan, baina Damianek langara bidali du falta jaurtiketa. Azkenean, hiru puntuak Donostiako taldeak eskuratu ditu.

- Fitxa teknikoa:

4.- Reala: Bravo; Carlos Martinez, Ansotegi, Iñigo Martinez, Jose Angel; Bergara (Gaztañaga, 47. minutuan), Pardo (Ros, 77. minutuan), Prieto; Vela (Zurutuza, 57. minutuan), Griezmann eta Agirretxe.

0.- Elx: Toño; Damian, Lomban, Botia, Albacar; Carlos Sanchez; Carles Gil, Aarón, Rubén Pérez (Rivera, 74. minutuan); Coro (Fidel, 76. minutuan) eta Del Moral (Boakye, 64. minutuan).

Golak: 1-0, 2. minutuan: Griezmann. 2-0, 12. minutuan: Griezmann. 3-0, 50. minutuan: Vela. 4-0, 74. minutuan: Griezmann.