Itxi

Reala

Celtaren aurka

Luzapenean lortu du Realak partida berdintzea (2-2)

Erredakzioa

Jagoba Arrasateren taldeak puntu bat eskuratu du Balaidosen, Agirretxeren eta Jonnyren (bere atean) golekin.

1:22

Realak puntu bat eskuratu du Celtaren aurka (2-2) Balaidos futbol-zelaian, Ligako hirugarren jardunaldiko partidan. Arrasateren gizonek markagailuari buelta eman diote.

Indartsu zelairatu da Reala, baloiaren jabetza eskuratu nahian. Partidako aurreneko gol-aukera Xabi Prietok izan du, Graneroren pase on bat baliatuta. Baina txuri-urdinen kapitainaren errematea Sergio atezainak aldaratu du. Eta bost minutu geroago Carlos Vela saiatu da, urrutitik, baina bere jaurtiketa kanpora joan da.

Celtak ez du burua makurtu, markagailua estreinatzeko arriskuko jokaldiak sortu ditu, eta 24. minutuan, gutxigatik ez du gola egin Alex Lopezek.

27. minutuan iritsi da Celtaren gola. Kontraeraso eder baten ostean, Krohn Dehlik pasea eman, eta Orellanarenak errematatu du, buruz. Golak lur jota utzi du Jagoba Arrasateren taldea, eta Celtak erosotasunez jokatu du.

Berizzoren taldeak bigarren zatia hasi eta berehala egin du bigarren gola. Larribeyren erremateak langan jo du, baina aldaratzea argentinarrari erori zaio eta 2-0koa sartu du. Gainera, 55. minutuan hirugarrena egiteko urrezko abagunea izan du Larriveyk berak.

70. minutuan, baina, Celtako atzelarien akatsa baliatu du Imanol Agirretxek eta Realaren lehen gola egin du. Gol horrek partidan sartu du talde txuri-urdina, eta minutu bat geroago neurketa berdintzeko zorian izan da aurrelaria bera.

Amaierarako zazpi minutaren faltan, berdinketa lortzeko aukera ezin hobea izan du Granerok, baina madrildarraren jaurtiketak zutoinean jo du. Azken minutuetan neurketa erotu egin da, eta luzapenean lortu dute donostiarren partida berdintzea, 92.ean hain zuzen ere. Gola Jonnyk sartu du bere atean.

Fitxa teknikoa:

2. Celta: Sergio Alvarez; Jonny, Cabral (Sergi Gomez, 74'), Fontás, Planas; Radoja, Alex Lopez (Hernandez, 66'), Krohn-Dehli; Nolito, Orellana eta Larrivey (Charles, 82').

2. Reala: Zubikarai; Zaldua, Iñigo Martinez, Elustondo, De la Bella; Bergara (Gaztañaga, 77'), Ruben Pardo (Chory Castro 58'); Granero, Xabi Prieto, Canales; Vela (Agirretxe 58').

Golak:

1-0 27': Orellana;

2-0, 47': Larrivey;

2-1 68': Agirretxe;

2-2 91': Jonny (bere atean).