Itxi

Reala

Anoetan

Malagak hilzorian utzi du Jagoba Arrasateren Reala (0-1)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Juanmiren golak neurketa erabakita utzi du 73. minutuan. Txuri-urdinek partida oso txarra jokatu dute, ezinean ibili dira norgehiagoka osoan, ia gol aukerarik sortu gabe. Arrasate, kolokan.

  • Jagoba Arrasatek etorkizun oso belta dauka Realean. Efe.

    Jagoba Arrasatek etorkizun oso belta dauka Realean. Efe.

Realak 0 eta 1 galdu du Anoetan, Malagaren aurka jokatutako hil edo biziko partidan. Gipuzkoarrek ez dute jokorik erakutsi, ezta aukerarik sortu ere. Irudi kaskarra eman dute, eta litekeena da Jagoba Arrasatek bere azken partida zuzendu izana txuri-urdinen aulkian.

Lehen zatian, Realaren jokoa azken asteetan bizi duen egoeraren adibide argia izan da: Arrasateren mutilak beldurrez ibili dira, triste, eta aurrera egiteko zailtasun  handiekin. Ez dute jokorik erakutsi.

Zorionez, Malaga ere kaskar aritu da, eta oso gutxitan sortu du arriskua Eñaut Zubikarairen atearen inguruan.

Lehen zatiko aukera argi bakarra David Zurutuzak izan du, baina korner baten ondoren egindako jaurtiketak andaluziarren ateko langa jo du, goiko aldetik, 33. minutuan.

Bigarren zatian aldaketa gutxi. Malagak gogo gehiago jarri du erasoan, baina jokoak ez du hobera egin.

Arrasatek Agirretxe sartu du Ruben Pardoren ordez, donostiarren erasoari bizitasun gehiago emateko asmoz, baina erabakiak ez du ondorio positiborik izan. Are gehiago, gola andaluziarrek egin dute. Zurutuzak baloia galdu du zelai erdian, eta Juanmik ederki aprobetxatu du Amrabaten erdiraketa bikaina. Malaga 0 eta 1 aurreratu da 73. minutuan.

Arrasate, kolokan

Malagarrek bigarren gola egiteko aukera paregabea ere izan dute, luzapenean, Realaren ezinaren laguntzaz, baina Darderren jaurtiketak zutoina jo du, ate aurrean bakar-bakarrik izan den arren.

Bukaera, beraz, Realaren porrota, zortzi partida daramatza jada garaipenik lortu gabe. Jagoba Arrasatek etorkizun beltza dauka Donostiako taldean.

Fitxa teknikoa:

0.-Reala: Zubikarai; Zaldua, Ansotegi, Iñigo Martínez, Yuri (Granero, 76. min); Bergara, Rubén Pardo (Agirretxe, 66. min), Hervías, Zurutuza, Canales (Finnbogason, 84. min); Carlos Vela.

1.- Malaga: Kameni; Rosales, Sergio Sánchez (Miguel Torres, 51. min), Wellington, Antunes (Duda, 62. min); Samuel (Recio, 67. min), Darder, Camacho, Castillejo; Juanmi eta Amrabat.

Epailea: Jaime Latre. (Aragoikoa). Yuri, Zurutuza, Samuel, Wellington, Darder, Recio eta Amrabat jokalariei txartel horia atera die.

Golak: 0-1, 72. min: Juanmi.