Itxi

Reala

Final-zortzirenak (joanekoa)

Reala, ezinean Madrigalen (1-0)

Erredakzioa

Moyesen taldeak partida kaskarra jokatu du Vila-realen aurka, eta Anoetan eman beharko dio buelta kanporaketari.

00:59

Realak porrota jaso du Vila-realen aurka (1-0) Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan. Kanporaketari Anoetan eman beharko diote buelta.

Etxekoena izan da baloiaren-jabetza lehen zatian. Aurreneko ordu laurdenean, bakarrik, hurbildu dira txuri-urdinak arriskuarekin aurkariaren ate ingurura. Finnbogasonek markagailua estreinatzeko abagunea izan du 11.ean, baina Gabriel brasildarrak hanka sartu du eta baloia aldaratu du.

21.ean, Vila-realen gola egiteko zorian izan da Giovani, baina ezin izan dio jokaldiari amaiera biribila eman. Atsedenaldira heldu aurretiko minutuetan sufritu egin du talde donostiarrak. Pina, Gerard eta Giovani 1-0ekoa egiteko gol-aukera bana izan dute. Erasoan, desagertuta egon da Moyesen taldea.

Bigarren zatian ere Marcelinoren taldea izan da nagusi. Moyesek susperraldia nahi zuen, eta, 60.ean, Agirretxe eta Canales jarri ditu (Finnbogasonen eta Herviasen ordez).

Gerardek urrezko gol-aukera izan du 65.ean, baina jaurtiketa desbideratua atera zaio. Sei minutu geroago, 1-0eko egin du Cheryshevek Brunoren pasea baliatuta. Txuri-urdinak ez dira behin ere ez berdinketatik gertu izan.

Itzuliko partida hurrengo asteazkenean, urtarrilaren 14an, jokatuko da Anoetan (20:00etatik aurrera).

Fitxa teknikoa:

1 - Vila-real: Asenjo; Mario, Gabriel, Dorado, Jaume Costa; Rukavina (Cheryshev, 62'), Pina, Jonathan dos Santos (Bruno, 62'), Moi Gomez; Gerard Moreno eta Giovani (Vietto, 73').

0 - Reala: Zubikarai; Carlos Martinez, Mikel, Iñigo Martinez, Yuri; Xabi Prieto, M. Bergara (Elustondo, 81'), Ruben Pardo, Granero, Hervias (Canales, 59'); eta Finnbogason (Agirretxe, 59').

Gola:

1-0. 71': Cheryshev.

71': Cheryshev.