Itxi

Reala

Derbia Anoetan

Ansotegi: 'Eibar ez da emaitzarekin espekulatzera etorriko'

Erredakzioa

"Beste partida batzueltan ikusitakoaren arabera, argi dago garaipenaren bila ateratzen direla etxetik kanpo jokatzen dutenean", esan du jokalari txuri-urdinak.

0:00

Ion Ansotegi Realeko atzelaria ziur da Eibar ez dela Anoetara "emaitzarekin espekulatzera" etorriko, armaginak, Gaizka Garitanoren estiloari jarraituta, partida irabaztera aterako direlako.

"Entrenatzailea ezagututa, ez dut uste espekulatzera aterako direnik. Bi taldeak garaipenaren bila aterako gara. Eibarrek argi utzi du kanpoan jokatutako beste partida batzuetan garaipenaren bila ateratzen direla", azpimarratu du Ansotegik.

Donostiarren atzelaria eta Gaizka Garitano batera izan ziren Realean 2006/07 denboraldian, jaitsieraren denboraldian, hain zuzen. Ansotegiren ustez, Eibarren arrakastaren arduradun nagusia Garitano bera da.

"Gaizka entrenatzailea Gaizka jokalariaren antzekoa izango da. Izaera handikoa; beharbada, ez beste jokalari batzuk bezain distiratsua, baina bere izaeragatik asko eman die beste talde batzuei eta ziurrenik horixe bera da jokalariei exijitzen diena", azaldu du jokalariak.