Itxi

Reala

Derbia Anoetan

Reala garaile Anoetan, Eibarrek amore eman ez duen arren (1-0)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Donostiarrek merezita irabazi dute, baina ederki sufrituta. Xabi Prietok egin du partidako gol bakarra, bigarren zatian. Eibarrek aukerak izan ditu, baina asmatzea falta izan zaio.

1:17

Realak merezita eraman du garaipena Anoetan Eibarren aurka jokatutako derbian. Bosgarren garaipena da etxean txuri-urdinentzat. Donostiarrek ez dute partida ona egin, ezta gutxiagorik ere, baina Eibar baino hobeto aritu dira. Armaginak ohi bezain borrokalari aritu dira, baina jokoan ez dute jarraipenik agertu.

Lehen zati kaskarra jokatu dute bi taldeek. Reala erasora atera da hasieratik eta Iruretaren inguruetara iritsi dira, baina benetako arriskurik sortu barik. Baloia aurreko partidetan baino azkarrago mugitu dute donostiarrek.

Velak izand ditu txuriurdinen aukerarik onenak, baina beti urrutitik egindako jaurtiketen bidez. Mexikarra erreferentzia da Realean, eta zelatik desagertu denean, Reala bera ere desagertu da. Eibarrek hobera egin du minutuek aurrera egin ahala, eta gipuzkoarren artean urduritasuna areagotzen joan da.

Lehen zatiko aukerarik argieta Arruabarrenak izan du. Bakar-bakarrik geratu da Rulliren aurrean, baina Realeko atezainak ondo erantzun dio armaginaren jaurtiketari eta baloia aldentzea lortu du. Saul Berjonek ere arriskua sortu du donostiarren arean, baina markagailuan ez da aldaketarik izan.

Xabi Prietoren gola

Atsedenaldiaren ostean iritsi da Xabi Prietoren gola. Ruben Pardok korner bat atera du ezkerretik, Prietok buruz jo du atzerantza lehen zutoinean eta baloia Iruretaren atean sartu da, guztiak ezustean harrapatuta.

Reala nagusi zen zelaian, eta Eibar atzean sartuta izan da. Partida irekita egon da bigarren zatian osoan; azken minutuak armaginenak izan dira, Reala estu eta larri jarri dute, Moyesen taldea noraezean ibili dela aprobetxatuta.

Azkenean, hala ere, hiru puntuak etxean geratu dira. Derbi eskasa izan da Anoetakoa, gol aukera argi gutxikoa.

Fitxa teknikoa:

1.- Reala: Rulli; Aritz Elustondo, Mikel González, Iñigo Martínez, Yuri; Rubén Pardo, Granero (Gorka Elustondo, 77. min), Xabi Prieto; Canales (Hervías, 90. min), Vela (Chory Castro, 85. min) eta Agirretxe.

0.- Eibar: Irureta; Bóveda, Lillo, Añibarro, Abraham; Capa (Ángel, 76. min), Errasti (Javi Lara, 76. min), Dani García; Arruabarrena, Saúl Berjón, Manu Del Moral (Dani Nieto, 67. min).

Golak: 1-0, 54. min: Xabi Prieto.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Eibar albisteak