Itxi

Reala

21. jardunaldia

Reala ez da Real Madrili aurre egiteko gai izan (4-1)

S.L. | eitb.eus

Aritz Elustondok partida hasi eta berehala markagailua estreinatu duen arren, Ancelottiren taldea izan da neurketaren jabea.

Realak gol-zaparrada jaso du Real Madrilen aurka (4-1), Santiago Bernabeun jokatutako neurketan. Talde gipuzkoarra ez da aurkariari aurre egiteko gai izan.

Aritz Elustondok partida hasi eta berehala estreinatu du markagailua, lehen minutua bete aurretik. Yurik ateratako korner batean, buruz errematatu du jokalari gazteak, bigarren zutoinean.

Poza, dena den, gutxi iraun die Moyesen jokalariei, James Rodriguezek 2. minutuan berdindu baitu neurketa. Etxekoen erantzuna berehalakoa izan da. Marcelok ezkerretik erdiratu du, eta kolonbiarraren burukada ezin hobea izan da.

Madrilgo taldeak baloiaren-jabetza eskuratu du, eta Reala erabat estutu du. Rullik birritan saihestu du bigarren gola, baina atezain argentinarrak ezin izan du Sergio Ramosena ekiditeko ezer egin (2-1, 36.ean).

Zuriek markagailuko errenta handitzeko aukera paregabea izan dute atsedenaldira heltzeko bost minutu geratzen zirenean, baina Balek kale egin du.

Benzemak 3-1ekoa sartu du 51.ean, Balekin batera egindako jokaldi ederraren ondorioz. Reala guztiz galduta zegoen, eta Real Madrilek gol-aukerak sortzen jarraitu du. Bale, Benzema eta Isco sarea zulatzeko zorian izan dira.

Reala ideiak berrordenatzen saiatu da, eta zuriek, bitartean, euren jokoaren intentsitatea jaitsi dute. Partida lo zegoela ematen zuen arren, Real Madrilek laugarrena sartu du amaierarako ordu laurden baten faltan. Benzemak gol ikusgarria egin du, arearen izkinatik errematatuta.

Realak 22 punturekin jarraitzen du BBVA Ligako sailkapen nagusian, eta hurrengo larunbatean Celtarekin neurtuko ditu indarrak Anoetan (22:00etatik aurrera).

Fitxa teknikoa:

4- Real Madril: Casillas; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Illarramendi, Kroos (Khedira, 81'), Isco; James (Jese, 74'), Bale eta Benzema (Chicharito, 80').

1 - Reala: Rulli; Aritz (Bergara, m.63), Mikel, Iñigo Martinez, Yuri; Elustondo, Ruben Pardo; Granero, Xabi Prieto, Canales (De la Bella, 46'); eta Vela (Agirretxe, 17').

Golak:

0-1, 1': Aritz Elustondo.

1-1, 3': James.

2-1, 37': Ramos.

3-1, 52': Benzema.

4-1, 77': Benzema.

, 77': Benzema.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala