Itxi

Reala

Deporren aurka, Anoetan

Partida txarra, eta berdinketa mingotsa (2-2)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Donostiarrak bi aldiz aurretu dira markagailuan Xabi Prietok eta Choryk egindako golei esker; Choryrena, ikusgarria. Hala ere, ez dute partida erabakitzen asmatu, eta Deporrek puntu bat eraman du.

  • Donostiarrak bi aldiz izan dira aurretik markagailuan. Argazkia: Efe.

    Donostiarrak bi aldiz izan dira aurretik markagailuan. Argazkia: Efe.

Realak bi puntu galdu ditu Anoetan, Deportivoren aurkako partidan bi aldiz markagailuan aurrea hartu duen arren. Moyesen taldeak eta Victor Sanchez entrenatzaile debutariarenak neurketa txarra jokatu dute, baina emaitza bidezkoa da, inork ez baitu irabazteko meritu nahikoa egin.

Galiziarrek hobeto hasi dute partida, eta zortzigarren minutuan lehen gola egiteko aukera argia izan dute, baina Oriol Rierak ez du errematean zorterik izan. Donostiarrei partidaren erritmoa hartzea kosta egin zaie, eta Depor gehiago iritsi da Rulliren atera, jokaldiak hobeto eginez.

Baina gauzek hobera egin dute 31. minutuan. Epaileak penalti argia adierazi du Deportivoren arean, Borgesek baloia eskuarekin aldendu ondoren, eta Xabi Prietok gola egin du, jaurtiketan ohiko maisutasuna agertuta.

Deporrek norgehiagoka berdintzeko aukerak izan ditu, eta azkenean lortu egin du, baina epaileak egindako hutsari esker. Perez Monterok penaltia adierazi du Deporren alde, baina baloiak ez du Realeko jokalariaren eskuan eman, bularrean baizik. Rullik jaurtiketa iragarri dio Lucas Perezi, baina errebotea jokalari galiziarrari iritsi zaio berriro, eta bigarren aukeran ez du hutsik egin.

Chory Castroren gol ederra

Bigarren zatian, Realak arriskua sortu du, baina joko motela eginda, nahasia. Eta orduan, 57. minutuan, Chory Castro agertu da. Uruguaiarrak sekulako gola sartu du, baloia lehen ukituan jota, ezkerrez, eta angulorik gabe. Izugarri polita, Realarekin jokatzen duen 100. partida era ezin hobean ospatu du Chory Castrok.

Ondoren, Rullik erantzun bikaina eman dio Juanfranen jaurtiketari, baina Tocheren kasuan ezer gutxi egin ahal izan du gola saihesteko. Deporrek binakoa egin du 77. minutuan.

Partidak ez du gehiagorako eman. Berdinketa eta puntu banaketa Anoetan. Zapore mingotsa, Anoetara joan diren zaleen artean.

Fitxa teknikoa:

2.- Reala: Rulli; Zaldua, Ansotegi, Iñigo Martínez (Elustondo, 57. min), Yuri; Rubén Pardo, Granero (Markel Bergara, 64. min), Xabi Prieto; Chory Castro (Carlos Vela, 70. min), Canales eta Agirretxe.

2.- Deportivo: Fabricio; Juanfran, Lopo, Sidnei, Manuel Pablo; Borges (Mendunjanin, 65. min), Alex Bergantiños, José Rodríguez (Toché, 65. min); Lucas Pérez, Cavaleiro (Laure, 83. min), Oriol Riera.

Golak: 1-0, 32. min: Xabi Prieto, penaltiz. 1-1, 38. min: Lucas Pérez. 2-1, 56. min: Chory Castro. 2-2, 77. min: Toché.

77. min: Toché.