Itxi

Reala

Asteazkenean, 16:00etan

Realak ezustekoa eman nahi du Real Madrilen aurka

Agentziak | Erredakzioa

Txuri-urdinek Santiago Bernabeun jokatuko dute asteazken honetan, 16:00etan. Esteban Granero azken orduko baja izan da lesio batengatik eta Illarramendi bere talde ohiaren aurka lehiatuko da.

0:32

Realak aurkari zaila izango du asteazken honetan Santiago Bernabeun, 16:00etan. Real Madrilen gauzak nahasita daude, baina etxean jokatu zuen azken partidan, talde merengeak 10-2 irabazi zion Rayo Vallecanori. Bernabeu ez da Realari ondo ematen zaion zelai bat; bertan jokatu dituen 68 partidetatik, hiru bakarrik irabazi ditu talde txuri-urdinak.

Norgehiagoka honetan Asier Ilarramendi bere talde ohia izandakoaren aurka lehiatuko da; Bernabeura itzuliko da. Bestalde, Esteban Granero azken orduko baja izan da lesio batengatik eta ez da deialdian sartu. Imanol Agirretxe taldeko golegile onenak gidatuko du Reala erasoan. Min hartuta dauden Raul Navas eta David Zurutuza jokalarien bajak ere izango ditu Eusebio Sacristanek. Chory Castro ez da deialdian sartu eta badirudi ez duela Realean jarraituko.

Real Madrilek, aldiz, Sergio Ramos kapitainaren baja izango du, eta Raphael Varanek ordezkatuko du. Rafa Benitez entrenatzailearen jarraipena kolokan dago, eta entrenatzaile espainiarrak zalantza asko argitu beharko ditu. Realaren aurka Toni Kroosek hasieratik jokatuko duen erabaki beharko du alde batetik; bestetik, Isco Alarconen egoera kezkagarria da. Erdilariak ez zuen Rayoren aurka jokatu eta Benitezekin ez duela hitz egiten aipatzen dute Madrileko komunikabideek. Real Madrilen erasoko lerroa Benzemak, Balek eta Cristianok osatuko dute, James Rodriguez atzean izango dutelarik.

Ustezko hamaikakoak:

Real Madril: Keylor Navas; Danilo, Pepe, Varane, Marcelo; Casemiro edo Isco, Modric, James; Bale, Cristiano Ronaldo eta Benzema.

Reala: Rulli; Elustondo, Diego Reyes, Iñigo, Yuri; Illarramendi, Pardo, Xabi Prieto; Bruma edo Canales, Vela eta Agirretxe.

Epailea: Gonzalez Gonzalez.

Zelaia: Santiago Bernabeu.

Ordua: 16:00.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala