Itxi

Reala

0-3

Realak porrota jaso du Real Madrilen aurka

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 0-3 galdu du Anoetan jokatu duen Ligako estreinako partida. Bale (bi gol) eta Asensio izan dira golegileak.

Realak porrotarekin ekin dio LaLiga Santander 2016-2017 denboraldiari, Real Madrilen aurka 0-3 galduta Anoetan. Gareth Balek bi gol sartu ditu, eta Marco Asensiok bat.

Partida azkar jarri zaio maldan gora talde txuri-urdinari, izan ere, lehen minutuan sartu du Real Madrilek 0-1ekoa. Gareth Balek bikain errematatu du hegaletik etorri den erdiraketa, eta 0-1ekoa egin du. Gola jaso ostean, Reala erasora jotzen saiatu da, baina ez du Real Madril estuasun gehiegitan jarri. Casilla atezainak areatik irten behar izan du Oyarzabalen abagune bat eragozteko, eta ezer gutxi gehiago egin du talde donostiarrak erasoan lehen zatian. Real Madril nagusi izan da, eta bigarren gola sartzeko abagune argiak izan ditu. 18. minutuan, Toni Kroosen jaurtiketa kornerrera desbideratu du Rullik, eta Realaren abagune onena 29. minutuan iritsi da; Illarramendik pase sakona jaso du area barruan, baloia atzera pasatu du eta ez du errematatzailerik aurkitu. Zidanek zuzentzen duen taldeak minutu onak jokatu ditu lehen zatiaren amaieran. Moratak jokaldi bikaina egin du Realeko hiru jokalari atzean utzi eta areara sartuta, baina Rullik desbideratu du horren errematea. 39. minutuan, aldiz, Asensiok pase bikaina jaso du, Rulliren aurrera iritsi da, eta atezainaren gainetik bidali du baloia sare barrura: 0-2. Bi taldeak aldageletara joan aurretik, Casemirok buruz egindako errematea langa gainetik joan da kanpora.

Talde txuri-urdina bizi eta aldeak murrizteko asmoarekin zelairatu da bigarren zatian, baina ez da abagune argiak sortzeko gai izan. Gainera, bigarren zatiko lehen abagunea Real Madrilena izan da; Moratak jokaldi ona egin du, Rullik desbideratu egin du horren jaurtiketa, aldaratzea Kroosi iritsi zaio eta alemaniarraren jaurtiketak langa jo du. Realaren erantzuna jarraian etorri da, baina Iñigo Martinezek buruz egindako errematea kanpora joan da, gutxigatik. 68. minutuan, Kovacicek jaurtiketa indartsua egin du area kanpotik, eta Rullik gola eragotzi du, gelditu ona eginda. Azken minutuan, Realak baloia galdu du zelai erdian, Gareth Baleri pasea sakon eman diote, eta galestarrak 0-3koa sartu du. Gol horrekin amaitu da partida Anoetan.

Fitxa teknikoa:

0 - Reala: Rulli; Zaldua, Mikel (Carlos Vela, 78. min), Iñigo Martinez Yuri; Markel, Illarramendi, Zurutuza; Concha (Willian Jose, 55. min), Oyarzabal eta Juanmi (Xabi Prieto, 71. min).

3 - Real Madril: Casilla; Carvajal, Varane, Ramos, Marcelo; Casemiro, Kovacic, Kroos (Isco, 71. min); Bale, Morata (James, 76. min) eta Asensio (Lucas Vazquez, 64. min).

Golak: 0-1, 1. min: Bale. 0-2, 40. min: Asensio. 0-3, 90. min: Bale.

Epailea: Martinez Munuera (Valentzia).

ra (Valentzia).

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala