Itxi

Reala

Anoetan

Sari txikiegia Realarentzat Bartzelonaren aurka (1-1)

Mikel Dominguez | eitb.eus

Txuri-urdinak nagusi izan dira partida osoan zehar, baina aukera asko huts egin dituzte. Vela eta Juanmiren gol bi baliogabetu ditu epaileak.

  • Willian Jose, gola ospatzen / EFE.

    Willian Jose, gola ospatzen / EFE.

Realak, berriz ere, puntu bat irabazi du Bartzelonaren aurkako partidan Anoetan (1-1). Oraingoan, txuri-urdinak oso nagusi izan dira, baina Messiren kalitateak puntu bat eman die kataluniarrei.

Bartzelonak Anoetan jokatutako azken neurketen gidoiari jarraikiz, ondo hasi du partida Realak. Blaugranek ez dute baloia menderatu, eta errespetuz aritu dira etxekoen aurrean. Lehen agabunea Realarena izan da.

Jokoa sortzea kostatu zaio Bartzelonari donostiarren presio handiaren aurrean. Hasierako ordu erdian, txuri-urdinek bakarrik izan dituzte abaguneak. Gogor estuta, Realak arazoak sortu dizkio Ter Stegeni. Argiena Xabi Prietorena izan da, 20. minutuan, baina kanpora bidali du, buruz. Velak huts egin du hurrengo jokaldian, baina Bartzelona estutzen jarraitu dute donostiarrek. Aurkaria, aldiz, ohi baino gehiago sartu da atzean.

Berdin jarraitu du gidoiak lehen zatian. Realaren korner festa nagusitasunaren erakusgarri da. 37.ean, Oyarzabalek aukera ezin hobea izan du, korner jaurtiketa baten osteko aldaratze bat hartuta, baina barkatu egin du berriro. Bartzelona bizirik heldu da atsedenaldira.

Bigarren zatiko lehen partean, Bartzelona nagusitu da. Neymarrek zutoinetik gertu jaurti du falta bat, eta Rullik kanpora bidali du. Erantzuna Realaren gola izan da. 54.ean, Velak aurrez aurrekoa izan du Ter Stegenekin. Atezainak irabazi du, baina Willian Josek aldaratzea aprobetxatu du buruz sartzeko.

Azkenean, markagailuan ere ikusi da Realaren nagusitasuna. Hala ere, ez du asko iraun, Messik berdinketa egin duelako Neymarren jokaldi baten ostean. Bartzelonak gola egin eta gero gogoratu dituzte txuri-urdinek Realak aprobetxatu ez dituen abaguneak.

Baliogabetutako gol bikoitza

Etxekoek ez dute amore eman, eta borrokatu egin dituzte baloi guztiak. Horri esker heldu da Realaren bigarrena, baina epaileak baliogabe utzi du. Velaren erremateak zutoinean jo du, eta barruan egin du bote. Gola. Juanmiri heldu zaio aldaratzea, eta horrek ere barrura bidali du. Ez zegoen jokoz kanpo. Epailea bi aldiz erratu da.

Realaren erakustaldia ez da bukatu. Bartzelonaren bi aurkera argiren ostean –Suarezena Illarrak urrundu du ate azpitik, eta Mascheranorena kanpora joan zaio–, Velak zutoinera bidali du baloia, Ter Stegen geldirik geratu arren.

Esteban Granero Oyarzabalen ordez zelairatu da 85.ean, eta azken hiru abaguneak izan ditu, baina kale egin du hiruretan. Realak puntu bat lortu du Bartzelonaren aurka, baina gehiago ere lor zezakeen.

FITXA TEKNIKOA

Reala: Rulli; Carlos Martínez, Iñigo Martinez, Navas, Yuri; Illarramendi, Zurutuza, Xabi Prieto (Canales, 71. min); Oyarzabal (Granero, 83. min), Vela eta Willian Jose (Juanmi, 74. min)

Bartzelona: Ter Stegen; Sergio Roberto, Mascherano, Pique, Alba; Rakitic (Denis Suarez, 46. min), Busquets; André Gomes; Messi, Luis Suarez eta Neymar Jr.

Golak: 1-0, min. 53. min: Willian Jose. 1-1, min. 59. min: Messi.

59. min: Messi.