Itxi

Reala

0-4

Realak jipoia jaso du Sevillaren aurka

Erredakzioa

Txuri-urdinek 0-4 galdu dute talde andaluziarraren aurka Anoetan. Aurkaria nagusi izan da lehen zatiaren erdialdetik amaierara arte. Ben Yedderrek hat-tricka lortu eta Sarabiak gol bat sartu du.

  • Granero eta Illarramendi. Argazkia: EFE

    Realak 0-4 galdu du Sevillaren aurka. Argazkia: EFE

Realak jipoia jaso du Sevillaren aurka (0-4) Anoetan eta hirugarren sailkatua den talde andaluziarrarengandik puntu bakarrera jartzeko aukera alferrik galdu du talde txuri-urdinak.

Talde txuri-urdinak ondo ekin dio partidari, erasokor, eta lehen abagunea izan du zortzigarren minutuan; William Joseren errematea, ordea, oso gutxigatik kanpora joan da. Ondorengo minutuetan Realak baloiaren jabetza galdu du, eta neurketa parekatu egin da. Lehia bizia izan dute bi taldeek zelai erdian eta txanpa horretan ez dute abagunerik sortu. Sevillak ez du gol-aukerarik sortu lehen 25 minutuetan, baina Rullik defendatutako atera iritsi den lehen aldian gola sartu du: Franco Vazquezen jaurtiketa gaizki desbideratu du Rullik eta Ben Yedderrek sare barrura bidali du Realeko atezainaren oparia (0-1). Gola jasotzeak min egin dio Realari eta Sevilla egin da baloiaren jabe. Gola sartu eta lau minutu beranduago Sevillak bigarren gola sartu du, berriro Ben Yedderren bitartez (0-2). Yurik huts egin du baloia aldentzerakoan, Nasrik Ben Yedderrentzat ukitu eta honek bigarren gola sartu du. Jasotako bi golek maldan gora jarri diote norgehiagoka talde txuri-urdinari eta ez dira atsedenaldia baino lehen aldeak murrizteko gai izan. Sampaolik zuzentzen duen taldeak, aldiz, hirugarren gola sartzeko aukera izan du lehen zatia amaitu aurretik, baina Rullik Ben Yedderren hirugarren gola eragotzi du gelditu on batekin.

Bigarren zatia hasi bezain laster Sevillak hirugarren gola sartzeko abagune on bi izan ditu, baina Nasrik ez du gutxigatik gola sartu 49. minutuan eta sei minutu beranduago Rullik andaluziarren gola eragotzi du Escuderoren errematea geratuta. Reala saiatu da erasora jotzen, baina ez da eroso ibili eta Sevillak ez du bi goleko abantailari eusteko arazorik izan. Gainera, 73. minutuan erabakita utzi du partida talde bisitariak Sarabiaren golari esker (0-3). Aritz Elustondok kale egin du baloia aldentzerakoan eta Sarabiak ez du barkatu Rulliren aurrean. Hirugarren gola hartu ondoren, txuri-urdinek etsi egin dute, eta Sevillak laugarrena egiteko aukera izan du; oraingoan, ordea, Rullik Sarabiaren gola eragotzi du. Partidako 77. minutuan aldeak murrizteko abagunea izan du Realak, baina Oyarzabalek aukera alferrik galdu du, oso gaizki errematatu ostean. Talde bisitaria jaun eta jabe izan da azken txanpan eta garaipena biribildu du Ben Yedderrek sartutako hat-trickarekin (0-4).

Fitxa teknikoa:

0 - Reala: Rulli; Zaldua, Mikel (Aritz Elustondo, m.46), Iñigo Martinez, Yuri; Illarramendi, Granero (Canales, m.56), Xabi Prieto; Oyarzabal, Vela (Juanmi, m.57) eta Willian Jose.

4 - Sevilla: Rico; Mariano, Mercado, Pareja, Rami, Escudero, Nasri, N'Zonzi; Vazquez (Sarabia, m.68), Vitolo (Kranevitter, m.79) eta Ben Yedder (Correa, m.89).

Golak: 0-1, m.25: Ben Yedder. 0-2, m.29: Ben Yedder. 0-3, m.73: Sarabia. 0-4, m.83: Ben Yedder.

Epailea: Martinez Munuera.

rtinez Munuera.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala