Itxi

Reala

Realak derbia irabazi dio Osasunari emaitza iraulita

Txuri-urdinek 3-2 irabazi dute Anoetan. Gorritxoak aurreratu dira Kodroren golarekin, baina Navasen, Velaren eta Juanmiren golekin Realak emaitza irauli du. Leonek sartu du gorritxoen bigarren gola.

  • Reala-Osasuna. Argazkia: EFE

    Reala-Osasuna. Argazkia: EFE

Realak 3-2 irabazi dio Osasunari Anoetan jokatu duten derbia eta txuri-urdinek sendo jarraitzen dute Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko lehian. Laugarren postuan den Atletico Madril puntu bakarrera dute. Osasunak, aldiz, jaitsiera postuetan jarraitzen du, salbaziotik zortzi puntura.

Lehen zatia abagune gutxikoa izan da, eta Osasunak lortu du baloiaren jabetza. Hala ere, gola sartzeko lehen aurkera Realak izan du; Graneroren jauriketa, ordea, Sirigu atezainak desbideratu du, bigarren minutuan. Osasunaren erantzuna 13. minutuan etorri da: Kodro bakarrik geratu da Rulliren aurrean eta atezain txuri-urdinak gorritxoen gola eragotzi du. Vasiljevicek zuzendutako taldearen nagusitasunak saria jaso du, 24. minutuan Kodrok sartutako golarekin (0-1). Osasunak jokaldi ona egin eta aurrelariak, oraingo honetan, ez du Rulliren aurrean barkatu. Gola hartu ostean Realak ez du berdinketa lortzeko abagune argirik izan atsedenaldira iritsi orduko.

Bigarren zatiari ondo ekin dio Osasunak abagune argi batekin, baina Illarramendik talde nafarraren gola eragotzi du baloia atepetik aterata. Osasunaren aukera honen ostean Realak berdinketaren bila jo du. Partidako 59. minutuan Yurik jokaldi ona egin, pasea eman dio Xabi Prietori, baina honek ezin izan du errematea egin. Bi minutu beranduago, ordea, talde txuri-urdinak partida berdindu du Raul Navasek buruz egindako erremate on batekin (1-1). Berdinketaren osetan Reala izan da nagusi eta 71. minutuan Carlos Velak aurretik jarri du bere taldea, gol oso ona sartuta (2-1). Min egin dio Osasunari bigarren gola hartzeak eta galduta ibili da minutu batzutan. Horretaz baliatu da Reala eta 77. minutuan 3-1ekoa sartu du Juanmiren bitartez. Hirugarren golarekin ematen izan du Realak neurketa erabakita utzi duela, baina 79. minutuan Osasunak aldeak murriztu ditu Sergio Leonek sartutako gol bikain bati esker (3-2). Osasunak berdinketa lortzeko aukera bikoitza izan du gola sartu ondorengo jokaldian, baina Rullik erantzun bikaina eman dio Jaimeren jaurtiketari eta gola eragotzi du. Jarraian, Sergio Leonek kanpora bidali du errematea korner baten ostean. Willian Josek neurketa guztiz erabakita uzteko abagunea izan du, baina bere jaurtiketa gora joan da. Azken minutuetan saiatu da Osasuna berdinketa lortzen; Reala, ordea, sendo mantendu da defentsan eta derbia txuri-urdinek irabazi dute (3-2).

Fitxa teknikoa:

3.- Reala: Rulli; Odriozola, Elustondo, Navas, Yuri; Illarramendi, Prieto (Canales, min. 89), Granero (Zurutuza, min. 55); Oyarzabal, Vela (Juanmi, min. 75) eta Willian Jose.

2.- Osasuna: Sirigu; Bonni, Clerk, Unai Garcia, Oier, Berenguer; De las Cuevas (Torres, min. 62), Tienza, Kodro (Sergio León, min. 70); Riviere (Jaime, min. 78) eta Causic.

Epailea: Latre Santiago.